«Oso maitea dugu Aristerrazuko plaza ahizpak eta biok»

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko abe. 9a, 12:39

Larunbat honetan Carlos Nuñez gaiteroak Aian eskainiko duen kontzertuan izango da Itsaso Elizagoien (Etxalar, 1995); galegoaren kantuak trikiti soinuz alaituko ditu nafarrak.

Nola sortu zitzaizun Carlos Nuñezekin jotzeko aukera?

2015. urtean Carlos Saura zuzendariaren film baterako abesti batekin lanean zebilen Carlos Nuñez, eta trikitilari bat nahi
zuen kanturako. Kukai dantza taldeko Jon Mayarekin jarri zen harremanetan eta hark nire bideo batzuk erakutsi zizkion. Ikusi zuena gustatu zitzaion eta horrela hasi zen guztia. Vigon (Galizia) grabatu genuen kantua, eta ondoren filmerako irudiak grabatzera joan ginen Madrilera (Espainia).

Kantu bat grabatzetik, bere kontzertuetan jotzera pasa zinen gero?

Madrilen ginela, kasualitatez komentatu zidan handik hilabetera kontzertua eskaini behar zuela Baranainen, eta berarekin sei bat kantu jotzera gonbidatu ninduen. Kontzertu horren ondoren errepertorio guztia ikasteko eskatu zidan, bere taldekidea izatea nahi zuela esanaz. Kasualitate bat bestearen atzetik izan zen azkenean, eta horrela gaur arte.

Baranainen hasi eta munduko txoko ezberdinak ezagutu dituzu?

Bai, bira ezberdinak egin ditut taldearekin urte hauetan guztietan. Lehenengo bira handia Estatu Batuetara izan zen, orain dela hiru urte; Argentina eta Txilen ere egon naiz, eta Europan baita ere. Frantzian asko jotzen dugu, penintsulan, Suitzan, Alemanian, Irlandan, Ingalaterran...

Munduan barrena ibilita ere, jarraitzen duzu ahizparekin batera erromeriak eskaintzen?

Bai, Carlos Nuñezen emanaldiak normalean udazkenean neguan eta udaberrian izaten ditut; udakoetara ez naiz joaten, ahizparekin gehienetan jaietan jotzen dugu, beraz, udan zentratzen da gure lana.

Zortea izan dut, bi proiektuak uztartzeko ondo moldatzen naizelako. Izan ere, ez nituzke erromeriak utzi nahi.

Zure ahizparekin batera sarritan izan zara Aristerrazuko oholtzan. Zerbait berezia al du plaza horrek?

Orain dela urte asko hasi ginen Andatzan jotzen eta normalean denboraldi guztian pare bat aldiz izaten gara bertan. Oso maitea dugu Aristerrazuko plaza ahizpak eta biok. Berezia da.

Nuñezen kontzertua, ordea, herriko probalekuan izango da. Talde handia izango al zarete?

Hasteko, lau pertsona egongo gara oholtza gainean: baxua eta gitarra jotzen dituena, perkusioarekin aritzen dena, Carlos bera, eta ni. Horrez gain, ezusteko bat edo beste ere egongo da.

Xarma berezia al dute zuretzat Euskal Herrian eskaintzen dituzuen kontzertuek?

Egia esan bai, oso bereziak dira beti. Kanpoan ibiltzea ere oso polita da, azken finean gustatzen zaidana egiteko aukera ematen didalako horrek, musika jotzea. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian lagunak eta ezagunak gerturatzen dira emanaldietara, eta ezberdina da kontzertu horietan sortzen den giroa.

Aukeratu beharko bazenu... Aristerrazun erromeria eskainiko zenuke zure ahizparekin edo Aiako probalekuan kontzertua eskaini Carlos Nuñez gaiteroarekin ?

Nuñezekin erromeria saioa eskainiko nuke Aristerrazun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!