Luis Otamendi bertsolari aiarra hil da

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 3a, 10:22
Luis Otamendi (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

1986an eta 1989an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdietara iritsi zen. Martin Rezabal Olaso, Joxe Mari Lertxundi eta Nikolas Zendoia bertsolari aiarren bueltakoa, plazaz plaza asko ibilia zen. Bertsozale Elkarteko Iñaki Gurrutxaga oriotarrak bertsotan hasi zenetik ezagutzen du, eta hark kontatu dizkio KARKARAri Otamendiri buruzko hainbat xehetasun.

Atzo zendu zen Luis Otamendi bertsolari aiarra, 73 urterekin. Bertsozale Elkarteak eman zuen albistea atzo bertan, eta oharrean zioenez, azken agurra Zarauzko beilatokian egingo zaio urtarrilaren 4an, astelehenean, goizeko 10:00etan.

Elkartearen arabera, "zaletasun handiko etxe batean jaio zen, eta anaiarekin batera baserriko lanetan ari zen bitartean aritzen zen bertsotan, Basarriri entzunaz". Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat txapelketatan hartu zuen parte, baita bestelako sariketetan ere.

Bertsozale Elkarteko Iñaki Gurrutxaga oriotarrak zehaztu du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdietara iritsi zela Otamendi 1986an eta 1989an. "Bertsotan hasi nintzenetik ezagutzen dut nik Otamendi, plazaz plaza asko ibili izan zen", kontatu du.

Martin Rezabal Olaso, Nikolas Zendoia eta Joxe Mari Lertxundi bertsolari aiarren bueltakoa zen Indargarate baserriko semea. "Olaso eta biak ezagutzen nituen batez ere aiarren artean",  gogoratu du Gurrutxagak. Garai bateko bertsolarien estilokoa izan da Otamendi. "Bertso eskolarik eta halakorik ez zuen izan; aldian behin elkartzen ziren Aiako bertsolariak, Nikolas Zendoia, Joxe Mari Lertxundi... Beren artean ikasitakoa egiten zuten, eta gaiak ere nekazaritza mundukoak ziren. Guk hainbeste jaso ez dugun bertsokera bat bertatik bertara jasotzeko aukera ematen zigun bertsolari horietako bat zen. Formaz eta dena, oraintxe joaten ari den belaunaldi bateko azken kate-begi horietako bat".

2009an, Putzuzulo gaztetxeko Kopla Txapelketan

Bitxikeria gisa, Gurrutxagak izan zuen Otamendi sakonago ezagutzeko aukera 2009an. Otamendi ordurako bertsotan gutxi aritzen zen arren, elkarrekin prestatu baitzuten txapelketa bana. "Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa prestatzeko elkartzen ginen Mantxi, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi eta laurok, eta egun batean han azaldu zitzaigun Luis, urte asko zeramatzala plazaz plaza jardun gabe, baina deitu ziotela Zarauzko Putzuzulokoek Kopla Txapelketan kantatzeko, eta galdetu zigun ea gurekin entrenatzerik bazuen. Eta hantxe ibili zen gurekin. Kopla Txapelketan ere kantatu zuen, eta handik egin genuen tratua".

Gipuzkoako aurreneko herriarteko txapelketan aritua

KARKARAk 2017an argitaratutako artikulu batek kontatzen zuenez, 1999an jokatu zen lehen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, mugarri bat jarri zuena, eta han ere parte hartu zuen Otamendik. Honela dio duela lau urteko artikuluko pasarte batek:

"Aiako eta Orioko taldeetan aurten [2017an] parte hartuko duten bertsolarietatik bi txapelketa hartan [1999koan] izan ziren: Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Sukia. Ibai Esoain eta Eusebio Lasarterekin batera aritu ziren urte hartan, Orioko taldean.

Hemeretzi urte zituen Gurrutxagak orduan: "Eskolartetik heldu berri nengoen orduan, gazte-gazte. Joaneko saioa Zumaian izan zen eta jende mordoa joan zenaren oroitzapena daukat". Itzulerako saioa Orion egin zuten, Jon Maia etorri zen Kultur Etxera eta areto nagusia goraino bete zen.

Aiako taldean Martin Rezabal Olasok, Nikolas Zendoiak eta  Luis Otamendik kantatu zuten, Lasarteren kontra. Patxi Etxeberria oriotarra Lasarteko taldean zegoen txapelketa hartan. Kanua jatetxean egin zuten joaneko saioa.

Taldekako izaera medio, inoiz izan den parte-hartzerik jendetsuena izan zuen 99ko txapelketak. 24 talde aritu ziren eta, taldeak bertsolariek, gai-jartzaile banak eta epaile banak osatzen zuten. Guztira, 166 lagun bildu ziren taldeetan, horietatik 101, bertsolariak".

Artikulua hemen irakur daiteke osorik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!