PAPEREKOA

"Niri gustatzen zaidana lehiatzea da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 28a, 15:15

Gero eta jende gehiago aritzen da korrika, bai kalean, bai mendian. Orion eta Aian ere islatu da fenomeno hori, eta KARKARAk bi herrietako korrikalariengana jo du, kirolaren berezitasunak ezagutzeko. Orioko Atletismo Eskolakoen, Orioko eta Aiako mendi lasterketen antolatzaileen, Aiako emakume korrikalari taldearen eta hainbat norbanakoren iritziak bildu dira erreportajean.

NEREA AMILIBIA - Mendi lasterkaria

Nolatan hasi zinen korrika?
Dagoeneko ahaztuta dut, orain dela hogei urte izan zen eta. Alaba izateko haurdun nengoenean asko gizendu nintzen, eta hartutako kilo haiek botatzeko asmoz hasi nintzen. Korrika aritzen zen kuadrilla bat ezagutu nuen, eta haiek mendira joaten ziren korrika. Ni, hasieran, herrian gelditzen nintzen, baina egun batean ni ere animatu egin nintzen, eta gaur arte. Gero, lehiatzen hasi nintzen, eta niretzat ikaragarria izan zen, asko gustatzen baitzait lasterketetan aritzea.

Aurretik beste kirolen bat egindakoa zinen?
Ikastolan atletismoan aritzen nintzen, baina erditan ez nintzen saioetara joaten, baserrian lan asko izaten genuelako. Gainera, garai hartan, nire aitari ez zitzaion gustatzen galtza motzak jantzita korrika ibiltzea, artean gaizki ikusia baitzegoen. Nik esaten nion galtza luzeak edo motzak jantzita, baina korrika egitera joan nahi nuela, eta ezkutuan entrenatzen nuen, baina ez nuen atletismoan lehiatzeko aukerarik izan. Ezkondu ondoren, ordea, korrika egiteari ekin nion, aitak esango zuenaren beldurrik gabe. Azpeitian jokatu nuen mendiko maratoi erdi bat ikustera etorri zen behin, eta helmugara aurrena sartzen ikusi ninduenean asko emozionatu zen.

Hogei urte daramatzazu korrika; jarraitzeko sasoiko sentitzen zara?
50 urte beteko ditut martxoan, eta oraindik ere daukadan adinerako indartsu nagoela iruditzen zait. Egia da ez ditudala lasterketak lehen bezala irabazten –oraindik podiumera igotzea lortzen badut ere– baina ez zait inporta, gustatzen zaidana lehiatzea delako, eta gorputzak erantzuten didan bitartean, horretan jarraituko dut. Bizipoza ematen dit; lasterketa aurreko urduritasuna sentitzea eta horiek baretuta lasterketa jokatzea sekulakoa iruditzen zait. Orain, pandemia dela eta, lasterketa gehienak bertan behera geratu dira, baina berriz ere antolatzen dituztenerako prest izango naiz.

Mendian korrika egitea duzu zuk gogoko?
Normalean mendian aritzen naiz beti; niri gehiago gustatzen zait, eta uste dut asfaltoan baino gutxiago sufritzen dela. Maratoi erdietan eta maratoietan jarduten naiz. Jende asko adinean aurrera doan heinean lasterketa luzeagoetara pasatzen da, baina ez da nire asmoa. Duela zortzi urte egin nuen Hiru Handiak ehun kilometroko lasterketa, eta ikaragarri gogorra iruditu zitzaidan. Oso emaitza ona lortu nuen; 13 ordu eta 40 minutuan osatu nuen ibilbidea eta 3.500 parte hartzaileetatik 15. postuan sailkatu nintzen, eta bigarren postua lortu nuen emakumezkoetan. Niretzat lorpen ikaragarria izan zen, baina egur handia jaso nuen. Normalean, horrelako lasterketa bat egin ondoren hilabete bat edo bi behar izaten dira errekuperatzeko, baina nik nire betiko martxan jarraitu nahi nuen, eta sikoki kolpe handia izan zen. Beraz, gorputzak uzten didan bitartean, orain arte bezala jarraitzea da nire nahia.