"Palaz jokatzea afizio hutsa baino gehiago da niretzat"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 2a, 12:11

Jon Aizpuruak —Aia, 1974— umetatik izan du frontoian ibiltzeko zaletasuna. Eskuz hasi zen pilota jokoan, eta gaztetan palaz jokatzera pasatu zen. Martxoaren 20an, Gipuzkoako Lehen Mailako Kluben arteko Txapelketaren finala irabazi zuen, Xabier Dagerre bikotearekin batera. 47 urterekin jantzi du azken txapela Zarautz Kirol Elkarteko pilotariak.

Zenbat denbora daramazu palaz pilotan jokatzen? Nondik datorkizu zaletasuna?
Betidanik izan dut pelotarako zaletasuna. Umetan eskuz jokatzen hasi ginen, eta beranduago, lagunartean, palaz jarduteko joera genuen. Gero, futbolean egin nituen urte batzuk. 30 urterekin, jendea falta zutela eta, pala munduan serioago sartzen hasi nintzen, lagunak entrenamendu saioak egiteko taldea osatu ezinik ibiltzen zirelako. Hala, azkenengo 16 edo 17 urte daramazkit federatuta jokatzen.

Afizioa al da pala zuretzat, edo zerbait gehiago? Esfortzu handia eskatzen al dizu?
Jakina, afizioa baino zerbait gehiago da. Normalean, astean behin egiten ditugu entrenamenduak, eta asteburuetan partidak. Prestaketa saioak berandu bukatzen dira gehienetan, denon lan-kontuak uztartu ahal izateko, eta horrek eskatzen du ahalegina, bai.

Jokalari modura zein da zure bertutea?
Ezkerrez nahiz eskuinez ondo moldatzeko gai naizela, nik uste.

Dagerre eta biok ondo moldatzen al zarete bikote moduan?
Bai, primeran. 5 urte badira elkarrekin jokatzen hasi ginenetik, eta elkar ulertzen saiatzen gara beti; momentu zailetan, animo asko ematen dizkiogu elkarri.

Azken denboraldia ez zen erraza izango, koronabirusa dela-eta. Kontatuko al duzu nola joan den?
Zailtasun asko izan ditugu pelotan aritzeko. Batetik, arazoak izan ditugu gure artean elkartu ahal izateko. Bestetik, Zarauzko Aritzbatalde frontoian entrenamenduak egiteko erraztasunik ez dugu izan, beti bagenuen zerbait... Txapelketei dagokionez, dena bertan behera gelditu zen arren, pixkanaka bada ere, Gipuzkoako txapelketa, Oiartzungoa eta beste batzuei bukaera ematea lortu da.

Tanto bakarraren aldearekin irabazi zenuten azken finala, Loiolatarrak elkarteko Aroztegi eta Huegunen aurka. Nola joan zen partida?
Hasieratik oso justua eta gogorra izan zen, ia ordu eta erdiko partidua jokatu genuen. Partidu guztian, markagailua paretsu ibili zen; tanto pare baten aldea besterik ez zen izan gu eta aurkarien artean. Bukaeran ere, lanak izan genituen irabazteko, 23-21 aurretik izan ondoren, 24-24 berdindu bait zuten Arostegi eta Huegunek. Zorionez, 25. tantoa gure aldekoa izan zen.

Esanahi berezirik ba al du zuretzat lortutako garaipenak?
Egia esan, bai. Adinean aurrera egin ahala, nahikoa zortea bada lesio edo minik gabe txapelketetan aritzeko aukera izatea, eta ia 47 urterekin txapela lortzea gustura egoteko modukoa da.

Pilotako modalitateen barruan, zein da palak duen tokia?
Eskuzkoarekin konparatuta, adibidez, toki txikia du. Hala ere, nik uste, azken urteetan gorakada handia izan duela. Txapelketa batzuetan, Oiartzungoan adibidez, 70-80 bikotek parte hartzen dute. Federatuta berriz, bigarren eta hirugarren mailetan ere jende ugari animatzen da parte hartzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!