Aia ere itxita egongo da bihartik aurrera

Karkara 2021ko api. 19a, 14:05

Eusko Jaurlaritzak orain eguneratu du bihartik aurrera itxita egongo diren herrien zerrenda. Horren arabera, mugatu egingo dituzte Aiako sartu-irtenak.

Izurritearen laugarren olatua eskualdea gogor ari da kolpatzen, eta horren ondorioz, luzatu egin da bihartik aurrera itxita egongo diren udalerrien zerrenda. Orain artean Azkotia, Orio eta Zarautz zeuden zerrenda horretan, eta bihartik aurrera Aia, Azpeitia, Getaria, Zestoa eta Zumaia ere gehitu egingo zaizkie.

Sartu-irtenak mugatzeaz gain, aparteko neurri hauek ere sartuko dira indarrean herri horietan guztietan:

  • Mugikortasuna. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako bizilagunek ezingo dute udalerritik irten eta beste udalerrietako bizilagunek ezingo dute horietara sartu, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik. Salbuespenik egongo da, ordea: mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien artean mugitzea baimenduta egongo da erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko, nahiz eta udalerri horietakoren batek edo bi udalerriek 400dik gorako intzidentzia tasa izan.
  • Ostalaritza. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako tabernek eta jatetxeek are mugatuago izango dute lokalen barrualdean zerbitzua emateko ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bitartean bakarrik eskaini ahal izango dute zerbitzua. Aire zabaleko terrazetan orain arteko zerbitzu bera eman ahal izango dute: edukiera osoan eta 06:00etatik 20:00etara. Aurrez egindako eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dituzte establezimenduan bertan aurrez hitzordua eskatuta, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute. Orain arte bezala, bezeroek mahai bueltan eserita kontsumitu beharko dute, gehienez lau laguneko taldeetan, eta maskara uneoro jantzita eduki beharko dute, elikagaiak edo edariak hartzen dituzten momentuan izan ezik.
  • Kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, gehienez lau laguneko taldeetan egin ahalko dira barruko kirol jarduerak, eta gehienez sei laguneko taldeetan kanpokoak. Talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei ez die eragingo neurri horrek. Udalerri horietako kiroldegietako aldagelak eta dutxak itxi egingo dira, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.
  • Eskola kirola. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan, barruko instalazioetan gehienez lauko taldeetan aritu beharko dute umeek, eta kanpoan, gehienez seiko taldeetan. Horientzat ere aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetakoak izan ezik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!