GUTUNA: Mendian errespetuz

Karkara 2021ko mai. 2a, 18:14

Aiako Saberri baserrikoek honako gutuna helarazio diote KARKARAri.

Izurriteak aldatu egin ditu herritarren ohiturak, eta gero eta jende gehiago dabil mendian. Baserritarrok ohituta gaude ingurua bisitan edo mendi buelta egitera etortzen diren kaletarrekin partekatzera, baina azkenaldian zaildu egin da egoera. Izan ere, batzuk, mendian ibiltzeko ohitura dutenek, bertako arauak errespetatzen dituzte, baina badira mendian dena libre dela uste dutenak ere. Itxialdia pasa zenetik gero eta gehiago dira azken horiek, eta inguru jakin batzuetan bizi garen baserritarrok zailtasun asko izaten ari gara geure lana egiteko. 

Gu, esaterako, joan-etorri handia izaten den ingurune batean bizi gara Urdanetan, eta azkenaldian izan ditugu hainbat arazo zenbait bisitarirekin. Batzuk ohitura dute mendian txakurrak askatzeko, eta txakurrek, animaliak ikusten dituztenean, ardiak batez ere, atzetik korrika joaten dira. Guri ardiak ito zaizkigu egoera horretan, txakurren hozkengatik batzuk, eta hesiaren aurka joan eta sortutako zaurien ondorioz, beste batzuk. Txakur jabeei zerbait esandakoan, gainera, askotan jasotzen ditugu erantzun txarrak bueltan; ardien errua dela esaten digute, txakurrarengandik ihes egiten dutelako. Horregatik, garrantzitsua da baserri inguruetan, kalean bezala, txakurrak lotuta eta jabearen ondoan eramatea, horrelako istripurik gertatu ez dadin. 

Kotxeekin ere gero eta arazo handiagoa dugu. Asko mendira kotxearekin joaten dira eta, aparkalekurik ez dagoenez, edozein tokitan uzten dute ibilgailua: baserriko sarreran, bide bazterrean edo traktore bideetan. Ez dira konturatzen baserritarrok lanera, erosketak egitera edo medikuarenera joan behar badugu, etxetik atera ezinik geratzen garela pasara oztopatzen dutelako; zer esanik ez, zerbait gertatu delako anbulantziak etorri behar badu edo kamioiak pentsua edo ganadua ekarri behar baditu.

Horregatik, nahi nuke kaletarrak eta turistak ohartzea mendia gure bizilekua dela eta errespetuz ibili behar dutela bertan. Arlo horretan, lan asko dute egiteko erakundeek, herritarrei eta nekazal etxeetako bezeroei jakinarazi behar dietelako garrantzitsua dela mendi ingurua eta bertako arauak errespetatzea; mendian, hiriburuan bezala, arauak eta legeak ditugulako. Itxiturarik ez badago ere, lur pribatuak izaten dira gehienak, eta horietatik bizi gara baserritarrok. Funtzio publikoa egiten dugu gure mendiak eta natura zainduz, eta nahi genuke bisitan etortzen direnek gure lana eta lurrak errespetatzea, askotan aurkitzen ditugulako hesiak apurtuta, zelaiak hondatuta, zaborra nonahi eta langak irekita. Egoera horrek kalteak eta galera ekonomikoa sortzen dizkigu, eta guk geuk ordaindu behar izaten ditugu, ez baitugu erakundeen laguntzarik jasotzen horretarako. 

Saberri baserria, Aia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!