Haritz Artola: “Adin guztietako jendea hurreratzen zaigu abestien hitzen gaineko komentarioak egitera, harrigarria da"

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 24a, 09:00

Unidad Alavesa taldeko abeslaria da Haritz Artola. Made in Germany izenburua duen diskoa atera du orain taldeak, eta lan berriko abestiak zuzenean entzuteko aukera izango da Aian, hilaren 30ean emango duten kontzertuan.

Aldrebesa izan da azken urte eta erdia. Uda iritsi da, ordea, eta ari zarete berriz ere agertokietara itzultzen. 

Esaterik baldin badago, aitortu behar dugu jotzeko nahi baino dei gehiago jaso ditugula. Ia inor ez da ibili emanaldiak eskaintzen, eta ia inor ez da ibili diskoak ateratzen. Guk, berriz, erabaki genuen martxa normalean jarraitzea; grabatzeko prest zeuden abestiak grabatu genituen, eta diskoa atera genuen. Eragin handirik ez du izan pandemiak gugan. Kasik eskertu egin behar diogu COVID-19ari. 

Hala ere, pandemia dela-eta hartu diren neurriek gehiago eragin diete areto txikiei, gaztetxeei eta tabernei, musika talde txikien kaltetan, ezta?

Guk mota guztietako aretoetan jo dugu, baina, batik bat, kanpoaldeetan. Berez, gu oso areto txikietako taldea gara. Eta, egia esan, ikusle bezala, toki itxi batean sartu, eserita egon, edan gabe… Pixka bat aldatu egin dira gure kontzertuak. Bestalde, gu talde txikien mailan gaude. Batzuk 25 urte darmatzagu eszenatoki gainean jotzen, beti ezagutu dugu Hirugarren Maila, eta horrekin ere poz-pozik gaude. Hor ere ondo bizi daiteke. Hobea da da Hirugarren Mailan ondo eta duin bizitzea, lehenengoan arrastaka ibiltzea baino. 

Distantzia, maskarak, eserita egon beharra… Nolakoak dira kontzertuak orain?

Hasieran oso arraroak egin zitzaizkigun, baina esan daiteke azken kontzertu batzuk nahiko normal atera direla. Dena den, ez dakit zer zentzu izan dezakeen denbora luzez horrela jarraitzeak. Txertaketa kanpainak efektua egin ahala, hasiko dira gauzak libreago uzten; normalitate antzeko bat laster ezagutuko dugula uste dut, baina gogoan dut hasieran sentsazio oso arraroak izaten genituela. 

Zein da zuen publikoa?

Beti antzerakoa izan da: lehenengo kontzertuetatik etorri izan da jende asko, eta beti oso adin ezberdinetakoak izan dira. Egia esan, zoragarriak dira gure entzuleak. Denetik egoten da: 15 urteko tipo bat, 50 urteko bat, gero 70 urteko bi aitona etortzen zaizkizu letra baten inguruko komentarioak egitera… Nahiko harrigarria da. Halako publiko heterogeneorik ez dut izan inoiz beste taldeekin. Gozamena da. 

Made in Germany izenburupean, hirugarren diskoa kaleratu berri duzue. Zer moduzko harrera izan du?

Oso ona. Kontuan hartu behar da ez dugula banatzaile ofizialik; dena geuk egiten dugu. Manager lanak gure taldekide batek egiten ditu. Horrela ibiltzeko, amateur maila horretan, oso-oso ondo saldu da diskoa. Ez dakit nola saldu diren hainbeste, jendeak gaur egun ez baitauka diskoa entzuteko gailurik etxean. Gu oso pozik gaude. 

Abestu zeuk egiten duzu. Letrak idatzi ere bai?

Bai. Aurrena musika, melodia sortzen dugu, eta gero letrak jartzen dizkiogu. Geroz eta gehiago kostatzen zait, dagoeneko gai guztiak ukitu ditugulako. Oraindik irudimen puntu bat badaukagu, eta moldatzen gara. Hemendik bost urtera ez dakit hala izango den… 

Galtzaileei kantatzen omen diezue. 

Bai, beti egon izan naiz galtzaileen edo legetik kanpo daudenen alde. Beti marra horren gainean ibiltzen naiz. Amodioaren inguruko kanta bat egin daiteke, baina disko batean bost entzuten badituzu… Galtzaileek beti izan dute xarma berezi bat. Irabazle batzuek ere bai, baina historia irabazleek idazten dute, eta horregatik jarri behar da beste aldean. 

Chill Mafiaren emanaldiarekin hasi ziren udako kultur programazioko kontzertuak, eta zuena izango da hurrengoa, gaur. Ezagutzen dituzu?

Nire atzerapen teknologikoaren gainetik, Interneten haien abestiren bat entzutea lortu dut. Esan beharra daukat ez naizela musika horren oso zalea, baina jarrerari dagokionez, zerbait berria da, eta behar zen halako zerbait. Gazteak dira, eta nik ikusten dut neure burua 22 urte izango banitu Chill Mafian jotzen. Garai batean La Polla Records izan zitekeen bezala, konparazio baterako. Niri poza ematen dit horrelako taldeak egoteak. Guk 45 urte dauzkagu, eta probokazio maila jaitsita daukagu. Baina erreferente bezala hartuko nituzke. 

Arrasaten eta Aian izango dituzue hurrengo kontzertuak, eta etenaldia egingo duzue gero. 

Bai, geldirik egongo gara bi hilabetez. Urrian hasiko gara berriz ere, eta hilabetean bi kontzertu emango ditugu. Amateurrak garenez, hori da gure neurria. Diskoa atera eta aurkezpena lehen bi hilabeteetan egiten dugu, eta lauzpabost kontzertu ematen ditugu. Gero, urtean zehar bi kontzertu eskaintzen ditugu hilero. Baina, beti ere, inozoak izan gabe: leku batetik deitzen badigute diru asko eskaintzen, jotzen dugu. Gure liga, Hirugarren Maila, oso ondo ezagutzen dugu. Badakigu zeintzuk diren aukerak eta zeintzuk mugak. Horiek balantzan jarrita, hilean bi kontzertu ematea da gure neurria. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!