Aian aldaketak izango dira hondakin handien bilketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 27a, 14:30

Abuztuaren 3an sartuko da indarrean egutegi berria: Aian astearteetan jasoko dituzte hondakin handiak, eta herritarrek astelehen gauetan utzi beharko dituzte edukiontzien inguruan.

Aiako Udalak jakinarazi duenez, abuztuan aldatu egingo da hondakin handiak biltzeko asteroko hitzordua. Abuztuaren 3tik aurrera, astelehenetan beharrean, astearteetan jasoko dira hondakin mota horiek; alegia, "etxebizitza berritzearen edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten altzari eta ekipamenduak". Besteak beste, etxeko altzariak, koltxoiak, etxeko tresna elektrikoak eta "erabili ezin diren bestelako trasteak" jarri ditu adibide zehatz modura Urola Kostako Udal Elkarteak.

Hortaz, orain arte igande gauetan egin bada ere, hemendik aurrera astelehen gauetan utzi beharko dira hondakin handiak edukiontzien inguruan. Ordutegia, baina, mantendu egingo dute: 20:00etatik 22:00etara bitartean izango dute horretarako aukera aiarrek.

Eskualdeko hiru garbiguneak ere izango dira martxan, dena den. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era bitartean eraman daitezke hondakin handiak; larunbatetan, aldiz, 10:00etatik 12:30era egoten dira irekita garbiguneak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!