Ostiral honetan egingo dute Bertso Jaialdia Aian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 2a, 15:30

Aurreko urteetan bezala, Aiako probalekuan izango da jaialdia. Sarrerak Aiako udaletxean daude salgai.

Aurten ere urteroko hitzordua izango dute bertsozaleek Aian: Bertso Jaialdia antolatu du udalak ostiral honetarako, abuztuaren 6rako. 22:30ean ekingo diote kantuari sei bertsolariek, ohi bezala, probalekuan. Aurtengo gonbidatuak dira, hain justu, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Anjelmari Peñagarikano, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal. Aitor Mendiluze ere han izango da, baina gai-jartzaile lanetan.

Sarrerak Aiako udaletxean daude eskuragai (harremanetan jarri nahi dutenek, 943 131 144 telefono zenbakira dei dezakete edo mezu bat bidal dezakete harrera@aia.eus helbidera). 2 euro balio du Bertso Jaialdirako sarrera bakoitzak.

Zea Mays eta Bost Minutun

Ostiralekoa ez da izango, ordea, datorren asteburuko kultur ekitaldi bakarra Aian. Larunbatean kontzertua eskainiko du Zea Mays musika taldeak, eta igandean Txalo Produkzioaken Bost Minutun antzezlana ikusteko aukera egongo da. Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreak dira protagonistak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!