Marka berria jarrita, Andatzatik Aiara Igoera irabazi du Joseba Iraolak

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 19a, 12:00

Motor hotsa eta abiadura bizia izan ziren protagonista atzokoan Aian. Aurtengo auto lasterketan 50 ibilgailuk hartu dute irteera, eta jarleku batekoen mailan Iraola gailendu bada, bikoen kategorian Beñat Poblacionentzat izan da garaipena. 

Joseba Iraolarena zen orain arteko Andatzatik Aiara Igoeran lortutako denborarik onena, iaz eginiko 1:44:827koarekin, eta beste urtebetez behintzat hala izaten jarraituko du, baina marka berria ezarri eta gero: 01:42.511. Antolatzaileen esanetan, bera zen aurtengo lehiaketa irabazteko faborito nagusia, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin.

Iraolak ez zuen aurkaririk izan errepidean, jarleku bateko ibilgailuen mailan, eta bere atzetik geratuko zirenak hamabost segundora utzi zituen. Lehia borrokatuagoa izan zen podium osatzeko bidean. Azkenean, bigarren postua Aitor Mansorentzat izan zen, eta hirugarren postua Arkaitz Ordokirentzat, biek ala biek 01:57ko denborarekin.  Denbora bera eginagatik, ehunekoek erabaki zuten bakoitzaren sailkapena.

Beñat Poblacionek ere garaipena erdietsi zuen, bikoen kategorian irabazita; sailkapen orokorrean, gainera, laugarren bukatu zuen bigarrenarengandik eta hirugarrenarengandik segundo bakar batera. Bruno Scherer sailkatu zen bigarren kategoria horretan, eta Javi Elortegi hirugarren.

Euri pixka bat egin bazuen ere,motorzale dezente elkartu zen lasterketako puntu desberdinetan hitzorduaz gozatzera, eta antolatzaileak ere pozik agertu ziren txapelketak izandako harrerarekin.

Sailkapenak hemen ikusgai

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!