Andoni Iruretagoiena: "Kirol bat ala bestea egin, nik lehengo kirolari bera izaten segitzen dut"

Nerea Uranga 2021ko ira. 24a, 15:00

Kepa Peñagarikanok honako galderak zuzendu dizkio Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ari. Bihar neurtuko dituzte indarrak Euskal Pentatloiaren finalean.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano ariko dira bihar IV. Euskal Pentatloiaren finalean nor baino nor. Horietako batek hartuko du Xabier Zalduaren lekukoa Euskal Pentatloiarenirabazleenpalmaresean. 22:00etan hasiko da finala, Azpeitiko zezen plazan.

Finalaren atarian, elkarri galdezka aritu dira Izeta VI.a eta Peñagarikano azpeitiarra. Hona hemen Peñagarikanok egindako galderei Iruretagoienak emandako erantzunak.

Iaz banakako pentatloi txapelketako finalera ez zinen sailkatu. Aurten, finalera sailkatu eta irabazteko faborito nagusia zara. Zein da sekretua?

Sekreturik ezingo dugu kontatu, handia izango baita sekretua kontatzen hastea [Barreak]. Beno, zer esango dugu bada... Gaur egun dudan sasoia izatera iristeko egin dudana asko entrenatzea izan da. Batik bat, egurrean aritu naiz prestatzen, aizkoran. Horrez gainera, gimnasioan ere ordu asko-asko egin ditut entrenatzeko. Herri kirolean aritu diren kirolari zaharrek edota herri kiroletako eskoletan ibiltzen direnek uste dute dena harri-jasotzen eta aizkoran jardutea dela; horretan oinarritzen dira prestaketarako. Nire ustez, baina, gimnasioan egin beharreko lana ere handia da herri  kirolerako edota pentatloirako prestatzeko. Gimnasioan ordu asko sartzen ditut nik, eta pentatloirako prestatzeko entrenamentu espezifikoak egiten ditut, gainera. Beraz, nik uste dut azken urtebete honetan gimnasioan egindako lan mardulak ondo prestatuta egoteko balio izan didala.Horretarako, entrenatzaile berri bat ere hartu nuen, eta horregatik guztiagatik egin dut aurrera.

Nola moldatzen zara pentatloiko bost kirolak prestatzeko?

Pentatloiko bost kirolak prestatzeko orduan, egurrak-eta jartzen ni bakarrik jarduten naiz. Harriarekin, harri-jasotzeko prestaketetan, osabak [Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a] laguntzendit, eta aizkorako lanean laguntzeko beste bat etortzen zait. Azkenean, herri kirola den hori astean bitan bakarrik entrenatzen dut nik, beste dena gimnasioan entrenatzen dut. Hau da, kirol horiei lotutako ariketa espezifikoak egiten ditut gimnasioan, baina harria ukitu gabe. Batekin nahikoa ez eta hiru entrenatzailerekin ibiltzen naiz ni,denei kasu egiten nahiko lan!

XXI. mendeko kirolaria zara, crossfitean entrenatzen duzu, etxean herri kirolariak dituzu. Haiekin txokerik izaten al duzu?

Bai, txoke asko izaten ditut osabarekin eta. Haientzako crossfita kirol berria da, eta horretan inork ez dit lagundu. Baina, orain, hona iritsi naizenean eta maila erakutsi dudanean, denak laguntzeko prest dauzkat. Kirol bat ala bestea egin, nik lehengo kirolari bera izaten jarraitzen dut. Astean hirutan-edo joaten naiz crossfit egitera, eta hori osabari-eta ez zaie asko gustatzen. Ni horrela prestatzen naiz, ordea, eta horri esker inoiz baino hobeto prestatu naizela uste dut. Azkenerako, etxekoek ere asimilatu egin dute.

Ikusi hemen Iruretagoienak Peñagarikanori egindako galderak, eta azpeitiarraren erantzunak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!