Aiako argazki lehiaketako lanak ikusgai daude Kultur Etxean

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 16a, 11:00

30 irudiz osatutako erakusketa hilaren 24ra arte egongo da zabalik. Herritarrei gehien gustatzen zaizkien hamabi lanak erabiliko dituzte datorren urteko egutegia osatzeko, eta sei onenen egileak saritu egingo dituzte.

Aiako XV. Argazki Lehiaketako irudiak ikusgai dira herriko Kultur Etxean. Asteazkenean zabaldu zuten erakusketa, eta hilaren 24ra arteko egongo da ikusteko aukera, aretoa zabalik den ordutegian: astelehenetan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:00etara; astearteetan eta ostegunetan, 15:30etik 18:00etara; asteazkenetan, 09:00etatik, 12:30era eta 15:30etik 17:00etara; ostiraletan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 18:30eran; eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.

Aia gai hartuta aurkeztu dituzten 30 argazkik osatzen dute erakusketa. "Gaia nahiko libre utzi genuen", azaldu du Eli Lasa Kultur Etxeko arduradunak; "parte hartzaileei eskatu genien bakarra zen argazkiek herriarekin zerikusia izatea". Lehendabiziko galbahea aditu talde batek pasatu duela argitu du Lasak. "Jaso genituen argazkiei haiek bota zieten lehenengo begiratua, kalitate aldetik gutxienekora iristen ez zirenak-eta baztertzeko"; eta 30 lanek egin dute aurrera.

Orain, herritarrek dute hitza, herritarrak baitira epaile. "Garai batean aditu talde batek egiten zituen epaile lanak, baina konturatu ginen haien iritzia eta herritarrena askotan ez zirela bat etortzen, epaitzeko orduan irizpide desberdinak zituztela. Horregatik, azken hitza herritarrei ematea erabaki genuen". Hala, erakusketa ikustera joaten direnek aukera dute iritzia emateko. Han topatuko duten orri bat bete behar dute horretarako. Hamabi argazki gustukoenak zeintzuk diren adierazi beharko dute, zerrendan.

Botorik gehien lortzen dituzten hamabi lanak datorren urteko egutegia egiteko erabiliko ditu Aiako Udalak, eta sei onenen egileek, aparteko sari bana ere jasoko dute. Sei sari horietako hiru Aian erroldatutako herritarrentzat izango dira; eta beste hirurak, gainontzekoentzat. Bi multzoetan, 200 euroko saria jasoko du lehenak; 170 euroko, bigarrenak; eta 120 eurokoa, hirugarrenak. Horrez gain, otar bat zozketatuko dute sarituak izan ez direnen artean.

Kultur Etxeko hormetan zintzilik dauden 30 argazkiak originalak dira, alegia, aurrez beste inon argitaratu gabeak, eta 2020 edo 2021ean ateratakoak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkezteko aukera izan du, koloretan edo txuri beltzean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!