Santu guztiekin batera, Aristerrazuko plazara

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 29a, 18:00

Astelehenean hasiko da Aristerrazuko erromerien denboraldia. Pandemia garaian saioak Internet bidez egitera behartuta egon ondoren, Aiako Andatza auzora itzuliko da festa. 

Aristerrazuko plaza lehengoa izatera bueltatuko da datorren astelehenean. Izan ere, Santu Guztien Egunarekin batera egingo dute denboraldi berriko lehen erromeria.

Pandemiak hala behartuta, antolatzaileak gai izan dira tradizioari Internet bidez eusteko; orain, erromeria zaleek plaza zapaltzeko aukera izango dute berriro. Aiako Andatza auzoan ezagunak diren Izer eta Alabier trikitilariek joko dituzte denboraldiko lehen trikiti doinuak.

Iosu Arrizabalaga Izer trikitilariarentzat, egun seinalatuan egingo dute lehen saioa. «Azken urteotan, urrian hasi izan dugu denboraldia, baina tradizionalki, Santu Guztien Egunean egiten zen sasoiko aurreneko erromeria Andatza auzoan. Aurten, aspaldian ez bezala, azaroaren 1ean emango zaie hasiera erromeriei. Tradizioari eta mundu zaharrari estuki lotutako ospakizuna izanik, halako bitxikeriek ere beren balioa dute», azaldu du.
Izer eta Alabier Aristerrazuko oholtzako «finkoak» izan dira azken urteetan, eta emanaldi bat baino gehiago egiten dituzte Andatzan: «Normalean lau saio jo izan ditugu denboraldian zehar: irekierakoa, Gabonen bueltan bestea, sanjosetan hirugarrena eta itxierako emanaldia».

Komunitatea plazan
Izerri «poz handia» ematen dio Aristerrazuko plazara itzultzeak. Pandemiaren ondorioz, «preso» sentitu da trikitilaria, iganderoko zitarik gabe: «Guri plazer handia ematen digu Andatzan egiten den ospakizunak, eta hori hilabete luzez galarazita egon izana gogorra izan da; bai trikitilarientzat, baita han biltzen den jendearentzat ere».

Izan ere, igandero «familia giroa» sortzen da Aristerrazun, trikitilariaren hitzetan. Dantza egitea aitzakia bat izaten dute lagun artean juntatu eta, astea joan eta astea etorri, komunitate baten parte izateak ematen duen goxotasunaz gozatzeko. «Denboraldia bukatzean, jende askok galdetzen du: Zer egingo dugu igandetan erromeriarik gabe?».

Trikitilariak aitortu duenez, berak berdin gozatzen du oholtza gainean edo behean dagoenean: «Jendeak dio igandeak ez direla egun gozagarriak. Niretzat jai egun aparta izaten da: erromeriara joan, lagunekin egon, afari-pasa egin…».

Betikoak eta gazte jendea
Izerrek urteekin ikusi ahal izan duenez, igandero-igandero erromerien bueltan biltzen den jende asko dago. Horiei «profesionalak» deitu die trikitilariak, ironia tonuarekin: «Horietako zenbaitek, dantzarako oinetakoak eramaten ditu poltsan, han aldatzeko. Dantzazale amorratu asko dago. Aristerrazun juntatzeaz gain, beste herrietan egiten diren erromeria guztietan izaten dira. Asko bizitzen dute festari lotutako guztia».

Erromerietan adineko jendea bakarrik biltzen dela uste arren, trikitilariak baieztatu du gazte jendea ere ibiltzen dela plazan. «Sortzen den giroaz gozatzeko jotzen du askok Andatzara, eta gaztetxo batzuk han izaten dira beti».

Bere belaunaldiko jendearentzat eta gazteagoentzat erromeria «deskubrimendu» bat ere izaten dela azpimarratu du: «Giro jakin batetik kanpoko jendeari urruti geratzen zaio mundu hau, eta ezagutzen dutenean harrituta geratzen dira. Han egon ez direnentzat, Aristerrazun igandero izaten den festa giroa zaila da irudikatzen. Behin joan eta errepikatu egiten dute askok!», dio irribarretsu.

Plaza birtualaren arrakasta
Pandemiak hala behartuta, urte luzetako usadioa eten egin zen iazko martxoan. Itxialdian zehar sarean sortu zen kultur eskaintza ikusita, erromeriak Internet bidez egitea erabaki zuten, iganderoko zitari euste aldera: «Elizagoien ahizpena izan zen ideia. Ordubeteko saioak egitea proposatu zuten, eta horri ekin genion».

Musikari modura, hasieran saio digital horiek egitea «gogorra» egin zitzaiola aitortu du.  «Gu ez gara profesionalak, eta plazaz plaza asko ibiltzen bagara, hori da jendearekin tratuan ikaragarri gozatzen dugulako. Zuzeneko saioetan asko ematen dute publikoak eta dantzan ari direnek», azaldu du Izerrek.

Espero gabe, arrakasta handia izan zuten erromeria digitalek: «Adineko askok ez daki sare sozialetan ibiltzen, eta gazteei laguntza eskatuta konektatzen ziren emanaldietara. Horri esker, gazte gehiago bildu da saio digitalen bueltan». Orain, jende berri hori Andatzan ikusteko esperantza du.

Oinak herdoilduta?
Izerrek eta Alabierrek duela gutxi egin dute lehen emanaldirako entsegua. Lehen ez zuten halakoen beharrik izaten: «Plaza asko pasa izan ditugu, eta hainbeste emanaldirekin, entsegurik ia ez da behar ere izaten». Pandemiagatik, ordea, geldituta egon dira, eta aitortu du behatzak «herdoilduta» bilatu dituela: «Nola egongo ote dira jendearen oinak dantzarako? Horiek ere herdoilduta?», bota die amua jarraitzaileei.
Traketsago edo finago, astelehenean plazan jendea juntatuko dela iritzi dio trikitilariak, eta azaldu duenagatik, baita etorkizunean ere: «Ondare kulturala izan arren, Aristerrazuko erromerien fenomenoak indarra du oraindik ere».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!