Aiako Udala: "Epaitegiak ebatzi du egokiak izan direla guk Amezti eraikinaren inguruan hartutako erabakiak"

Karkara 2021ko aza. 5a, 16:00
Talaimendiko etxea, eta belardian ardi txakur lehiaketa bat jokatzen. (Aritz Mutiozabal)

Aiako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi du urriaren 28an jaso zuela Donostiako Auzibide Administrazio Auzitegiko 1. zenbakiko epaitegiaren ebazpena, eta udal teknikari eta kargu politikoen aurka egon diren salaketa penal guztiak bertan behera gelditu direla. 

Gipuzkoako Aire Federazioak 2015ean jarri zuen salaketa Talaimendin, Aiako lurretan, eraikitzen ari ziren Amezti etxearen kontra, "babestutako eremu publikoan" halako eraikin bat egiten ari zirelako, eta etxea orduan Zarauzko Udalean zinegotzia zen pertsona baten familiarena zelako. Ordutik epaitegietan ibili da gaia, eta salatuen artean egon dira Aiako Udaleko zenbait teknikari eta politikari.

Gaur, Aiako Udalak ohar bidez jakinarazi du epaitegiek atzera bota dutela salatzaileen azken errekurtsoa, eta beraz, "udalari arrazoia" eman diotela. "Epaitegiak ebatzi du egokiak izan direla udalak Amezti eraikinaren inguruan hartutako erabakiak", esan du.

Urriaren 28an izan zuen udalak Donostiako Auzibide Administrazio Auzitegiko 1. zenbakiko epaitegiaren ebazpenaren berri, eta "Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak ezarritako salaketaren aurrean, Aiako Udalaren jarduera babestu du eta arrazoia eman dio".

Udalak azpimarratu du "luzea" izan dela 2015ean epaitegietan hasitako bidea:  "Tartean, salaketa penalak ere egon dira udal honetako teknikari eta kargu politikoen aurka. Salaketa guztiak, banan-banan, bertan behera geratu dira, eta azken erabaki honek argi eta garbi utzi du, udalaren, udal teknikarien eta politikarien jardunak zuzenak izan direla".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!