Abenduaren 18an 'Losers' antzezlana taularatuko dute Aiako probalekuan

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 1a, 12:00

Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta bizitzaren gorabeherak izango dituzte hizpide. 19:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude, zortzi euroren truke, musikaze.com webgunean eta Aiako Kultur Etxean.

Txalo konpainiak Losers –euskaraz, galtzaileak– antzezlana taularatuko du abenduaren 18an, larunbatarekin, Aiako probalekuan. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak aurrez eskuratu behar direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta dagoeneko salgai daude, zortzi eurotan, lotura honetan eta Aiako Kultur Etxean —astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:15era; eta ostiraletan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 18:45era—.

Plazaolak eta Garmendiak Manuel eta Sandra pertsonaiak hezurmamituko dituzte. Adinean aurrera doaz pertsonaiak, ia 40 urte dituzte, eta gizarteak markatutako baldintza bat bera ere ez dute betetzen: hau da, ez dute umerik, ezta bikotekiderik ere, eta, gainera, diru gutxi dutenez, ezin dute etxebizitzarik erosi. Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte. Bizipozak, ordea, ez du mugarik, eta ez du zerikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen arauen menpe bizitzearekin. "Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero, behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antzera bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?", azaldu dute Txalo konpainiakoek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!