Urola Kostako Udal Elkarteak telazko poltsak banatuko ditu bihar goizean Aian

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 2a, 10:00

Kooperatiba aldamenean egingo du banaketa 10:30etik 13:30era, eta poltsa eskuratu nahi duenak argazkia atera beharko du Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa erakutsiz.

Aurrez Orion, Zarautzen, Getarian eta Zumaian egin duen moduan, Urola Kostako Udal Elkarteak telazko poltsak banatuko ditu bihar goizean Aian. Kooperatiba aldamenean ariko dira horretan, 10:30etik 13:30era, eta poltsa eskuratu nahi duenak Nire Aukera Urola Kosta kanpainari babesa adierazi beharko dio argazki bat aterata.

Nire Aukera Urola Kosta kanpainak urte osoa iraun du, eta hain zuzen ere, telazko poltsen banaketa izango da kanpaina horri bukaera emango dion ekintza. Banaketa azaroaren 25ean hasi zuten Orion, eta Zarautzen, Getarian eta Zumaian ere egin ostean, biharko Aiakoarekin bukatu dute. Denera telazko 1.000 poltsa banatzea aurreikusten zuten.

Banaketa bukatzean, egunotan herriz herri ateratako argazki guztiekin mosaiko bat osatuko du udal elkarteak, eta bideoak ere zabalduko ditu ostalaritzako eta merkataritzako protagonista batzuen iritziekin. Kanpainaren helburua tokiko kontsumoa bultzatzea izan da, eta horregatik, egunotan banatu dituzten poltsetan ere tokian tokiko kontsumoak duen garrantziaz ohartarazteko kanpainaren irudia agertuko da, baita bost udalerrietako ostalaritza eta merkataritza elkarteetako irudiak ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!