Pala Txapelketa Mistoa antolatu dute Aian, lehendabiziko aldiz

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 14a, 11:36

Bikoteek mistoak izan behar dute derrigor, eta bietako batek Aian erroldatuta egon beharko du. Izena eman nahi dutenek abenduaren 17ra arte dute aukera, ostiralera arte, hain zuzen. Aiako Kultur Etxean eman daiteke izena, bertara joanda edo 943 23 09 24 telefono zenbakira deituta, eta baita aiakoke@gmail.com helbidera idatzita ere.

Aiako Kirol Elkarteak Pala Txapelketa Mistoa antolatu du lehendabiziko aldiz. Gaztetxoek zein helduek izango dute parte hartzeko aukera, bi kategoriatan egingo baitute txapelketa: 14 urtera artekoak ariko dira batetik, eta 15 urte edo gehiago dituztenak bestetik. Izena eman nahi dutenek ostiralera arte —abenduak 17— dute aukera, Aiako Kultur Etxean. Bertara joan ezin dutenek, 943 23 09 24 telefono zenbakira dei dezakete edota aiakoke@gmail.com helbidera idatzi. Bikotekako txapelketa izango den arren, antolatzaileek jakinarazi dute banaka ere eman daitekeela izena.  

Txapelketako partidak abenduko azken astean eta urtarrileko lehenengoan izango dira, eta finalak, urtarrilaren 8an, arratsaldez. Txapeldunek eta azpitxapeldunek dagozkien sariak jasoko dituzte, eta gainontzeko parte hartzaileen artean hainbat opari zozkatuko dituzte antolatzaileek. Aurreratu dute txapeldunak eta azpitxapeldunak zozketa horretatik kanpo utziko dituztela. 

Txapelketa antolatzen duten lehendabiziko aldia izanik, parte hartzaileen betebeharrak eta lehiarako arauak zeintzuk diren zehaztu dute antolatzaileek, eta honakoak dira:

  • Bikoteek mistoak izan beharko dute.
  • Bikotekideetako batek Aian erroldatuta egon beharko du.
  • Izen ematearen arabera, bikoteak edo/eta kategoriak alda ditzake antolakuntzak.
  • Txikien kategorian, lau koadroren barruan jokatuko dira partidak; nagusien kategorian, bost koadroren barruan.
  • Partidak set erara jokatuko dira.
  • Teniseko pilotarekin jokatuko dira partidak.

Antolatzaileek adierazi dute txapelketa ahalik eta egokien prestatzeko ahaleginetan ari direla, eta lehen aldia izanik, posible dela oraindik ere aldaketaren batzuk egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!