Urte osoko kultur agenda aurkeztu dute Aiako probalekuan

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 20a, 16:33
Esti Lizarreta ezkerraldean, prentsaurrekoan parte hartu duten artistekin batera. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Gaur goizean aurkeztu dute programazioa antolatzaileek eta emanaldiak eskainiko dituzten zenbait artistek. Antzerkia, musika eta dantza uztartuko ditu probalekuko agendak.

Datozen hilabetetan ere, kultur programazio oparoaz gozatzeko aukera izango da Aian. Hirugarren denboraldia izango du aurtengoa robalekuko egitarauak, eta gaur goizean aurkeztu dute jendaurrean. Probalekuko oholtzan egin da aurkezpen ekitaldia, eta Esti Lizarreta Aiako Udaleko Turismo eta Kultura zinegotziarekin batera, programan parte hartuko duten artistak ere elkartu dira Aian. 

Lizarretak egin du lehen hitzartzea. Azaldu duenez, urte osoko kultur egitaraua egitea erabaki dute bigarren urtez jarraian, eta izurria tarteko, ez da lan erraza izan. "Pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera dela eta, azken urteetako lana gorabeheratsua egin zaigu. Oztopoak gaindituz, lortu dugu kultur ekitaldiekin probalekutik 3.000 ikusle pasatzea", eman du datua. 

Aurten ere herrian kultura sustatzen jarraitzeko gogoz daudela adierazi du jarraian, eta horregatik, "kalitatezko emanaldiekin" osatu dute probalekuko denboraldi berria. Aia bezalako herri txiki batean "komunitateak duen garrantziari" ere egin dio azpimarra Lizarretak: "Herrigintzarako gogoa presente dago gure artean, eta hori nabarmentzen da halako egitarauak antolatzerako orduan. Bailarako herri txikienetakoa izan arren, kultur programazio sendoa osatzeko gai izan gara beste urtebetez, eta hori ezinezkoa litzateke herritarren borondaterik gabe". 

Zinegotziak datu batekin borobildu du hitzartzea: "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak kultura sustatzeko ateratako diru-laguntzak jaso ditugu, eta 18.600 euro eman dizkigute programaziorako". 

Bonoak ere bai
Aurreko denboraldietan sarreren salmentak izandako harrera ona kontuan izanik, aurten bonoak atera dituzte antolatzaileek. Lizarretaren hitzetan, herritarrak "kultura gehiago kontsumitzera" animatzea da bonoak atera izanaren helburua. Hala, ekimenez gozatzeko interesa duten herritarrek txartelak banaka edo sortaka erosteko aukera izango dute. 

Informazio praktikoa
Hasiera batean, programazioko hitzordu guztiak 22:30ean hasiko dira. "Pandemiaren bilakaera tarteko, aldaketak egon litezke, baina hasiera batean asmo hori dugu", azaldu du Lizarretak.

Emanaldi guztietarako txartelak www.musikaze.com webgunean eta Aiako Kultur Etxean eros daitezke. Oraingoz, lehen hiru saioetarako txartelen prezioak zehaztu dituzte soilik. Agendan izan litezkeen aldaketen informazio eguneratua, berriz, Facebook-eko Aia Turismoa orrian eskuratu daiteke. 

AIAKO KULTUR AGENDA

ANTZERKIA

Martxoak 12. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiaren Loosers antzezlana. Izurriteagatik bertan behera utzi zuten iaz, eta data berria iragarri dute.  

Maiatzak 7. Benetan Be antzerki taldeak Porno vs Afrodita edo I love #GorkaUrbizu emanaldia eskainiko du. 

Irailak 24. Konpromisoa komedia, Joseba Plazaola, Zuhaitz Gurrutxaga eta Ramon Agirreren eskutik. Philippe Claudel idazle eta zinemagile frantziarraren istorio batean oinarritutako obra egingo dute. 

DANTZA

Otsailak 19.  Haatik dantza taldearen Errimak bi oinetan ikuskizuna. Sarreren prezioa: 8 euro.
musika.

MUSIKA

Urtarrilak 22. Julen Alonsoren Eskuetan bihotza disko eta ikuskizun berriaren aurkezpena, Oinkari dantza taldearekin batera. Sarrerak agortuta.   

Martxoak 19. Bulego taldearen kontzertua. Sarreren prezioa: 12 euro.

Ekainak 11. Neomak taldearen musika emanaldia eta ikuskizuna. 

Abenduak 12. Belako musika taldearen kontzertua. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!