Arraza Anitzeko Ganaduen XVI. Enkantea egingo dute igande eguerdian

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 21a, 16:00

Haragitarako idisko ugaltzaileen bi arraza aurkeztuko dituzte, limusin eta pirenaika, eta RJ eta RP ugaltzaileen artean ere limusin arraza enkanteratuko dute. 11:00etatik aurrera ganadua ikusteko aukera egongo da, 11:50ean aurkezpenak egingo dituzte, eta 12:00etan ekingo diote enkanteari. Hori bai, abereak ikusi nahi dituztenek hitzordua aurrez hartu beharko dute, eta enkantean parte hartu nahi dutenek akreditatuta egon beharko dute.

Igande eguerdian ganaduzaleek hitzordu garrantzitsua dute Aiako Ibarrola Goikoa baserrian dagoen testaje gunean. Arraza Anitzeko Ganaduen XVI. Enkantea egingo dute han, eta haragitarako idisko ugaltzaileen bi arraza aurkeztuko dituzte, limusin eta pirenaika, eta RJ eta RP ugaltzaileen artean ere limusin arraza enkanteratuko dute.

Jardunaldia 11:50ean hasiko dute abereen aurkezpenarekin, eta 12:00etan ekingo diote enkanteari. Aurrez, enkanteratuko dituzten abereak ikusteko aukera ere egongo da, horretarako antolatu dituzten bi txandatan. Hori bai, abereak ikusteko beharrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea; eta enkantean parte hartzeko, akreditatuta egotea.

COVID-19a dela eta, neurri zorrotzak hartuta antolatu dute hamaseigarren enkantea. Antolatzaileek jakinarazi dute gunearen edukiera %60ra mugatuta egongo dela, eta segurtasun eta higiene neurrik zorrotz beteko eta betearaziko dituztela.

Enkantean parte hartzeko akreditazioa behar dutenek, 682 340 679 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta akreditazio bakoitzeko bi lagunek izango dute enkante gunera sartzeko aukera: enkantean interesa duenak eta laguntzaileak, hain zuzen. Sarreran 50 euroko fidantza ordaindu beharko dutela ere aurreratu dute antolatzaileek.

Enkanteratuko dituzten abereak aurrez ikusi nahi dituztenek ere hitzordua eskatu beharko dute 608 283 875 telefono zenbakira deituta. Aukera izango dute aurreko egunetan joateko abereak ikustera, edo enkante egunean bertan ikusteko. Egunean bertan bi txanda antolatu dituzte horretarako: lehendabizikoa 11:00etan, eta bigarrena 11:30ean.

Testaje gunera sartzeko ezinbestekoa izango da COVID ziurtagiria aurkeztea, eta barrura sartzen direnek uneoro maskara jantzita izan beharko dute eta elkarrean artean metro eta erdiko segurtasun tartea gordetzen dutela ziurtatu beharko dute.

Testaje gunean animalia bat erosten duenari administrazio eta kudeaketa gastuengatik (agiria, gutun genealogikoa eta abar) 50 euroko tasa aplikatuko dietela ere aurreratu dute antolatzaileek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!