Lardizabal eremuko aparkalekua berritzeko lanak lehiaketara atera ditu Aiako Udalak

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 25a, 16:30

Proposamenak aurkezteko epea datorren astelehenean itxiko dute. Lanek 85.351 euroko aurrekontua dute, BEZ barne, eta horiek gauzatzeko ardura hartzen duen enpresak sei asteko epea izango du, kontratua sinatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Aiako Udalak aspaldikoa du Lardizabal eremua berritzeko asmoa, eta lanak hainbat fasetan egiteko erabakia ere aspaldi hartu zuen, baina pandemiak eragindako salbuespen egoera tarteko, ezin izan ditu asmo horiek nahi bezala gauzatu. Orain, unea iritsi dela iritzita, martxan jarri ditu lanei ekiteko beharrezko prozedurak, eta lehen faseko obrak esleitzeko lehiaketa abiatu du. Hain zuzen ere, Lardizabal eremuan dagoen udal aparkalekua egokitzeko lanak dira esleitu nahi dituenak. 

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko, eta astebete barru itxiko dute; zehazki, urtarrilaren 31n, datorren astelehenean. 

Aparkalekua berritzeko lanen gehienezko aurrekontua 85.351 eurokoa izango da, BEZ barne, nahiz eta enpresek eskaintza hobea egin diezaioketen udalari. Behin lizitazio prozesua gauzatuta eta esleipena eginda, lanak gauzatzeko ardura hartzen duen enpresak sei asteko epea izango du horiek bukatzeko, kontratua sinatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. 

Lehiaketan parte hartzeko interesa duten enpresek, udalaren webgunean dute informazio gehiago. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!