Naomi Mendizabal: "Meditazio podcast bat dela esaten dut"

Karkara 2022ko ots. 9a, 17:00
(Argazkia: EITB)

Eguneroko bizimoduaren zurrunbiloan eten bat egitera gonbidatzen du Mendizabalek Urratsa podcastaren bidez. Norbere barrura begiratzeko, gorputza entzuteko eta harekin hitz egiteko ariketa bat da, euskaraz. Jakes Goikoetxea kazetariak egindako eta Berria egunkarian atzo argitaratutako elkarrizketa da honakoa:

Ahots gozo eta konplize bat. Begiak ixteko gonbidapena. Arnasa kontrolatzekoa. Norberaren barrura begiratzekoa. Soinu xuxurlariak eta isiluneak. Bidaia bat, Naomi Mendizabalek gidatuta. Horixe da Urratsa podcasta. Meditazioari eta mindfulness-ari buruzko podcast bat. Euskaraz. Las Palmasen jaio zen Mendizabal (Espainia, 1991), baina txikitatik Getarian izan da, eta pilates, yoga eta fitness irakaslea da. Aian eta Donostian ematen ditu eskolak. Ulu Mediak ekoitzi du podcasta, eta bigarren denboraldia prestatzen hasi dira. EITB Podkast plataforman eta beste audio plataforma batzuetan entzun daiteke.

Nola sortu zen Urratsa?

Aian pilates eskolak ematen ditut [Gipuzkoa], eta saioaren bukaeran meditazio ariketak-eta egiten ditugu. Ikasle batek testu bat prestatzeko eta grabatzeko eskatu zidan, hark bere ikasleekin erabiltzeko, etxera lasai joan zitezen. Asko gustatu zitzaion, eta eragin positiboa izan zuen umeengan.

Eta orduan Ulu Mediako Oier Aranzabal agertu zen.

Meditazio ariketetarako testuak kanpotik hartzen nituen, denak gaztelaniaz edo ingelesez. Testu propioak idazten saiatzen nintzen, baina ez nintzen ausartzen nire materiala ikasleei zabaltzera. Oierrek proposatu zidan testuak idazteko eta grabatzeko. EITBkoei aurkeztu zien eta asko gustatu zitzaien. Eta hemen gaude.

Aurkezpenean dio mindfulness podcast bat dela.

Zalantzak izan nituen hitzaren erabilerari buruz. Beti esaten dut meditazio podcast bat dela.

Nahasmen handia dago mindfulness-aren inguruan. Zer da?

Mindfulness-ak bilatzen duena da, alde batetik, gure pentsamenduen zurrunbilo guztia baretzea; bestetik, momentuan bizi dituzun sentipen eta sentsazio guztiez ohartzea, nola sentitzen garen jakitea eta hori onartzea, baita gaizki sentitzen garenean ere.

Irakurri elkarrizketa osorik Berriaren webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!