Martxoaren 19an jokatuko dute XV. Andatzatik Aiara Igoera

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 21a, 09:00

Dagoeneko zabaldu dute izen-ematea, eta martxoaren 11ra arte egongo da horretarako aukera. Parte hartzaileen behin betiko zerrenda proba baino hiru egun lehenago argitaratuko dute.

Lagun Artea eskuderiak antolatuta, martxoaren 19an jokatuko dute XV. Andatzatik Aiara Igoera, eta dagoeneko zabaldu dute izen-ematea Euskadiko Automobilismo Federazioaren webgunean. Martxoaren 11 izango da horretarako azken eguna, eta proba baino hiru egun lehenago, martxoaren 16an, argitaratuko parte hartzaileen behin betiko zerrenda.

Itxura batera, ez dirudi aurtengo probak berrikuntza nabarmenik dakarkienik. Ohi bezala, 09:00etatik 12:30era, ikuskapen teknikoak egingo dituzte Gozategi plazan, egiaztatzeko ibilgailuek ezinbesteko segurtasun arauak betetzen dituztela. 13:30ean Andatza eta Aia arteko  GI-3710 errepidea itxi egingo dute, eta 14:30ean ekingo diote lehenengo manga ofizialari.

Erlojuaren aurka, lau kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, eta bi igoera ofizialetan egiten dituzten denborak hartuko dituzte kontuan. Sari banaketa 19:00ak aldera izango da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!