Martxoko lehenengo asteburuan jokatuko dituzte Aiako XXIV. Kintopeko Idi Probak

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 22a, 09:55

Udaberria Saria lortzeko lehia, iazko martxoan, Aiako probalekuan. (Ibon Errazu)

Bi jardunalditan jokatuko dute txapelketa: aurrenekoa, larunbatean, martxoak 5; eta bigarrena, astelehenean, martxoak 7. Denera sei idi pare aterako dira plazara, eta Aiako probalekuko 1.800 kiloko harriari 100 kiloko gainkarga jarrita ariko dira lehian.

Martxoko lehendabiziko asteburuan XXIV. Kintopeko Idi Probek hartuko dute Aiako probalekua. Sei pare aterako dira plazara, nor baino nor, Udaberri Sariaren bila. Bi jardunalditan gauzatuko dute txapelketa, biak 22:00etan hasita, eta hiru parek parte hartuko dute jardunaldi bakoitzean. Larunbatean, martxoak 5, Ainhoa Gabirondo oriotarraren, Etxetxo arroarraren eta Lopategiren (Billela, Bizkaia) pareak ariko dira; eta astelehenean, martxoak 7, Iñaki Oliden oriotarrarenak, Txokolate errezildarrarenak eta Igone Pagadizabalenak (Hondarribia, Gipuzkoa).

Aiako probalekuko 1.800 kiloko harriari beste 100 kilo erantsiko dizkiote; beraz, idiek 1.900 kilo ibili beharko dituzte arrastan. 1.140 kilo baino gehiago pisatzen duten idi pareei, berriz, kopuru horretatik gorako kilo bakoitzeko 1,5 kiloko gainzama ezarriko diete. Idi pare bakoitza ekinaldiaren egunean pisatuko dute, 10:00etan.

Irabazleak 1.300 euro dirutan, mantak eta trofeoa jasoko ditu; bigarrenak, 1.100 euro eta trofeoa; hirugarrenak, 1.000 euro eta trofeoa; laugarrenak, 900 euro; bosgarrenak, 800 euro; eta seigarrenak, 700 euro.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!