Amets Aranberri eta Aitziber Urkiola txapeldun, Aiako XI.Mendi Lasterketan

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 6a, 14:54

Baldintza gogorrekin jokatu da Aiako mendi lasterketaren aurtengo edizioa. 273 korrikalarik parte hartu dute proban, eta horien artean Amets Aranberrik eta Aitziber Urkiolak jantzi dituzte bi txapelak, 1:10:59 eta 1:30:17 denborekin, hurrenez hurren. Iban Etxeberria eta Nahia Eizmendi izan dira aiar onenak.

Iazko lasterketan bezalaxe, lokatza, euria eta hotza izan dira nagusi Aiako mendi lasterketaren hamaikagarren edizioan. Gaur goizean jokatu da kirol proba 10:30ean hasita, eta korrikalariek herriko plazatik ekin diote lehiari. Denera 276 lasterkari izan ditu probak, 231 gizonak eta 45 emakumeak.

Ohi bezala, parte hartzaileek 15 kilometroko ibilbidea egin dute Pagoetan barrena, eta egunotan pilatutako euriaren ondorioz, lokatzez beteta ailegatu dira denak helmugara. Gizonezkoen artean, Amets Aranberrik zeharkatu du plazan kokatutako helmuga puntua aurrena. Agidanez, Oier Ariznabarreta aldearekin ibili da lehen postuan lasterketaren zati handienean, baina azken hiru kilometroetan deskuiduren bat izan eta ibilbidetik atera da, garaipena Aranberriren esku utziz. Hala, gizonezkoen probaren irabazleak 1:10:50 denbora eginda lortu du txapela janztea. Ariznabarreta bigarren izan da azkenean, 1:11:02 denborarekin, eta hirugarren Josu Urrestarazu (1:11:08) sailkatu da.

Emakumezkoei dagokienez, Aitziber Urkiolak jantzi du txapela, 1:30:17 denborarekin. Helmugan azaldu duenez, Aiako lasterketan gaur egin du korrika estreinako aldiz, eta pozik agertu da garaipena lortu berritan. Bere hitzetan, hasieratik hartu die aurrea beste lehiakideei, eta bere erritmoan egin du lasterketa osoa. Irati Larrañaga atzetik zuela entzun arren, ez zaio gehiegi hurreratu, eta ondo irabazi du lasterketa, 1:30:17 denborarekin. Larrañagak (1:31:15) bigarren postuarekin konformatu behar izan du, eta hirugarren sailkatu da Leire Elola (1:32:18).

Aiarren artean, Iban Etxeberriak (1:26:15) eta Nahia Eizmendik (2:04:45) egin dituzte denbora onenak. Etxeberria izatez zarauztarra da, baina gaur egun Aian bizi denez, hark jaso du aiar onenaren saria.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!