Oraindik gelditzen dira sarrera batzuk 'Losers' antzezlanaren emanaldirako

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 9a, 09:00

Aiako probalekuan izango da saioa, larunbatean, 22:30etan hasita. Oraindik gelditzen dira sarrera batzuk, eta Musikaze atarian eta Aiako Kultur Etxean eskura daitezke horiek, zortzi euroren truke.

Txalo konpainiak Losers –euskaraz, galtzaileak– antzezlana taularatuko du larunbatean Aiako probalekuan. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia ariko dira aktore lanetan, eta 22:30ean hasiko da emanaldia. Oraindik gelditzen dira emanaldirako sarrera batzuk, lotura honetan eta Aiako Kultur Etxean —astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:15era; eta ostiraletan, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 18:45era—.

Plazaolak eta Garmendiak Manuel eta Sandra pertsonaiak hezurmamituko dituzte. Adinean aurrera doaz pertsonaiak, ia 40 urte dituzte, eta gizarteak markatutako baldintza bat bera ere ez dute betetzen: hau da, ez dute umerik, ezta bikotekiderik ere, eta, gainera, diru gutxi dutenez, ezin dute etxebizitzarik erosi. Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte. Bizipozak, ordea, ez du mugarik, eta ez du zerikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen arauen menpe bizitzearekin. "Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero, behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antzera bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?", azaldu dute Txalo konpainiakoek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!