Aiako haurrek eta gazteek ere badute kulturaz nola gozatu

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 9a, 16:36
Olaya Landa, Unai Ormaetxea, Naiara Iruretagoiena, Eneko Sanz eta Miriam Sarasola, gaur goizeko aurkezpenean.

Ekainera arteko egitaraua aurkeztu dute. 25 urtera arteko herritarrei zuzendutakoak dira jarduera gehienak, baina helduagoek ere parte har dezakete horietako batzuetan. 

Aiako kultur agenda ez da probalekuan gauzatzen dituzten jardueretara mugatzen. Aurten, lehendabiziko aldiz, herriko haur, gazte, nerabe eta familiei zuzendutako egitaraua prestatu dute, eta hain zuzen ere, gaur goizean eman dute uda bitarte antolatu dituzten jardueren berri, Kultur Etxean egin duten agerraldian.

Miriam Sarasola Aiako Udaleko Gazteria zinegotzia eta Eneko Sanz Gazteria teknikaria izan dira hitza hartzen aurrenak eta kultur eskaintza zabaltzearen zergatiak azaldu dituztenak. "Herrian haur asko dago eta haientzat eskaintza gutxi. Hori dela eta, iaz proba egitea pentsatu genuen eta ludoteka zerbitzua martxan jartzea", hasi da Sarasola. Eta erantzunarekin "harrituta" gelditu zirela esan du, umeak sartu ezinik ere gelditu izan zirelako. Ipuin kontaketa saioren bat eta hitzaldiren bat ere antolatu zutela gaineratu du Sanzek, eta erantzun "oso ona" izan zutela. Horregatik, aurten erabaki dute haurrei, nerabeei, gazteei eta ez horren gazteei zuzendutako kultur egitaraua prestatzea.  

Sarasolaz eta Sanzez gain, Naiara Iruretagoiena ludotekako begiraleak, Unai Ormaetxea Frontona ikuskizuneko aktoreak eta Olaya Landa Zarauzko Gela urdina ihes gelaren arduradunak ere parte hartu dute aurkezpenean. Ormaetxea eta haren taldekideak apirilaren 2an izango dira Aian Frontona ikuskizuna aurkezten. "Umoretik eraikitako ikuskizuna da Frontona, eta dantza, bertsoa eta beste hainbat diziplina uztartzen ditu. Ez da ohiko antzezlan bat, zerbait berritzailea da, baina aldi berean tradizionala. Gure herriaz eta gure kulturaz zenbat dakigun eta zenbat ez dakigun ohartzeko balioko digu, eta, gainera, publikoa ere aktore bihurtuko da", azaldu du.

Landak, berriz, Narrosko jauregiaren kondaira oinarri duen Zarauzko ihes gelari buruzko azalpenak eman ditu, Aiako gazteek ekainean hara irteera egiteko aukera izango baitute. "Jolasaren bidez gure kultura hobeto ezagutzeko bide ezin hobea da Gela urdina".       

Egitaraua osorik

  • Martxoak 26, larunbata. Ostomila txotxongilo elkarteak Alaia galtzagorria aurkeztuko du.
  • Apirilak 2, larunbata. Arteola konpainiak Frontona ikuskizuna emango du udal pilotalekuan. Aktoreez gain, Andoni Egaña bertsolariak ere parte hartuko du.
  • Apirilak 9, larunbata. Alex Txikon mendizaleak hitzaldia emango du Kultur Etxean. Goi mendietara egindako espedizioez eta bestelako proiektuez hitz egingo du.
  • Maiatzak 28, larunbata. Amelie bikote nafarrak bi ipuin kontaketa saio eskainiko ditu: bata, umeentzat; bestea, helduentzat.
  • Ekainak 10, ostirala. Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko dute probalekuan.
  • Ekainean, baina eguna oraindik zehazteke. Zarauzko Gela urdina ihes gelara irteera egingo dute.

Ludoteka zerbitzua

  • Astelehen eta asteazkenetan, Kultur Etxean, HHko haurrentzat (943-13 09 24).
  • Ostiraletan, Xatur gaztelekuan, LHkoentzat (689 90 38 72).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!