Tomas Lizarazu: "Kontzertu soil bat baino gehiago, festa bat izango da Aiakoa"

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 17a, 14:46

Larunbat gauean Aian kontzertua ematekoa da Bulego talde azkoitiarra, 22:30ean hasita. Pandemia hasi zenetik, probalekuan publikoa zutik egongo den lehen emanaldia izango da. Oraindik badaude emanaldirako sarrerak Interneteko Musikaze atarian eta Aiako Kultur Etxean.  

Larunbatean Aian izango zarete. Gogotsu al zaudete?

Bai, kristoren gogoa daukagu. Urte hasiera ederra izaten ari da. Abenduan kaleratu genuen diskoa, urtarrilean aurkeztu genuen Tabakaleran, eta urtarrila artean COVID-19aren ondoriozko atzerapenekin eta ziurgabetasun giroan pasatu genuen arren, badirudi egoerari buelta ematen ari garela, eta otsailean sartu ginenetik, astebururo kontzertuak ematen ari gara, jendea tente ikusten, maskarak oraindik jantzita baina barrak zabalik… Egia esan, gozatzen ari gara, eta dudarik ez dugu larunbatekoa ere beste gau eder bat izango dela, dantza egitekoa eta disfrutatzekoa.

Aiako probalekuan, pandemia hasi zenetik, publikoa zutik dela egingo den lehendabiziko kontzertua izango da larunbatekoa. Zuentzat egundoko aldea izango da hori, ezta?

Sekulako aldea, eta aldea denean, gainera. Bulego duela bi urte pasatxo jaio zen, pandemia hasi baino zertxobait lehenago, eta ia ohitu egin gara kontzertuak arratsaldeko seitan ematera, publikoa eserita eta maskara soinean duela. Baina oso hotza gelditzen da, eta hotza diot zentzu guztietan. Hotza da musika dantzagarria egin eta publikoa eserita ikustea, eta askotan, gainera, publikoak hotza pasa behar izan du gure kontzertuetan, gune irekietan izan direlako eta pertsona batetik bestera metro eta erdiko tarteak mantenduz egon behar izan dutelako. Eta orain, egoera aldatu denean, pentsa nola ari garen gozatzen. Gainera, gure musika bada dantzarako musika, eta kontzertuak ere giro hori sortzeko prestatzen ditugu. Beraz, gu taula gainetik izugarri disfrutatzen ari gara jendea dantzan ikusita, eta kontzertuetara datorren jendea ere halaxe ari da. Bada jendea bi formatuetan ikusi gaituena, eta hala esan digute, batetik bestera kristoren aldea dagoela.

Erdian oraina lana aurkeztuko duzue Aian. Aurretik kaleratu zenituzten abestietan harremanei kantatzen zenieten; lan berrian, zeri kantatzen diozue?

Erdian oraina disko kontzeptual bat da, hasieratik bukaerara arte zentzu bat eduki nahi duena, eta landu dugun gaia denbora izan da. Disko hau egiteko motibazioa izan da gaur egun bizi dugun garaia, ez bakarrik COVID-19ak ekarri digunagatik, baizik eta, oro har, gizarteak eta gutako bakoitzak geure bizitzetan daramagun abiaduragatik. Arduraz, betebeharrez, lanez, helburuz josita izaten dugu burua, non gauden jabetu ere egin gabe eta, gainera, askotan, iraganean egindakoei edo etorkizunean egin nahi ditugunei begira bizi gara, ahaztuta bidea bera izaten dela ederrena eta ahaztuta momentuaz gozatzea. Eta diskoa da erdian oraina jartzearen aldarrikapen bat. Hor barruan, kantuen lehen blokeak iraganari buruz hitz egiten du, bigarrenak orainaz, eta hirugarrenak etorkizunaz.

Lehendabiziko abestiak ere euskarri fisikoan kaleratu zenituzten, baina oraingoa duzue iraupen luzeko lehen diskoa. Diskorik ez dela saltzen esaten den garaiotan, nolatan erabaki duzue disko bat ateratzea?

Gaur egun kontsumo azkarra da nagusi, bai jatekoarekin, bai musikarekin: singleak, EPak… Dena azkar kontsumitu eta azkar bota. Disko bat egiteaz hizketan hasi ginenean, geuri ere dudak sortu zitzaizkigun, zenbaterainoko zentzua zeukan eta zenbaterainoko irteera izan zezakeen. Baina gu bostok musikagileak izateaz aparte oso musikazaleak ere bagara, eta lehendabiziko diskoa ateratzeak guretzat bazeukan sinbolikoa den zerbait ere; iruditzen zitzaigun talde baten lehendabiziko pauso inportantea disko bat kaleratzea zela. Orain arte lan asko egin dugu, soinua lantzen-eta asko jardun gara gauden lekura iritsi arte, baina disko honek nolabait adierazi nahi duena da bukatu dela Bulegoren hasierako etapa hori, eta hau dela Bulego, alderdi guztiak ondo-ondo zainduta.

Madril, Bartzelona, Zaragoza… Euskal Herritik kanpora asko zabiltzate azkenaldian. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oso ona. Nik pentsatzen nuen kanpora joandakoan han bizi den euskaldunen bat edo beste etorriko zela gure kontzertuetara, baina ez, euskaldunak etortzen dira, baina baita bestelako jendea ere. Nik ez dakit zergatik den, sare sozialengatik, oso konektatuta bizi garelako… baina erantzunarekin harrituta gelditzen ari gara. Hemen, mezuagatik-eta irits zaitezke jendearengana, baina gauza ederra da ikustea hortik aparte ere egon daitekeela guretzako publikoa.

Zer esango zenioke Aiako kontzertura joan edo ez dudan dabilen horri?

Etortzeko, bost musikari agertoki gainean baino zerbait gehiago ikusiko duelako; kontzertu soil bat baino gehiago, festa bat izango delako. Kantak ezagutzen dituenak eta Bulego pixka bat ezagutzen duenak badaki zer musika estilo egiten dugun, eta kontzertuetan hori bider hamar bihurtzen da. Etxean entzunda dantzarako gogoa jartzen badu, pentsa zer izan daitekeen musika hori bera zuzenean entzutea; eta hori horrela izan dadin, gure esku dauden gauza guztiak asko zaintzen ditugu. Beraz, horixe, animatzeko eta etortzeko esango nioke, dantzarako eta gozatzeko aukera bikaina izango duelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!