Marka berria jarrita, Joseba Iraola nagusi izan da Andatzatik Aiarako Igoeran

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 20a, 09:45

Faboritoak ez du hutsik egin XV. Andatzatik Aiarako Igoeran, eta beste behin ere, gidari balmasedarrarentzat izan da txapela. Iaz berak ezarritako marka hiru segundo hobetu du, gainera, igoera minutu eta 39’328 segundoan eginda. Bikoen kategorian ere, iazko bera txapeldun: Beñat Poblacion. Minutu eta 55’842 segundoan egin du ibilbidea, hark ere iazko denbora hobetuta.

Joseba Iraolarena zen orain arteko Andatzatik Aiara Igoeran lortutako denborarik onena, iaz eginiko 01:42’511koarekin, eta beste urtebetez behintzat hala izaten jarraituko du, baina marka berria ezarrita: 01:39’328. Antolatzaileen esanetan, bera zen aurtengo lehiaketa irabazteko faborito nagusia, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin.

Iraolak ez zuen aurkaririk izan errepidean, jarleku bateko ibilgailuen mailan, eta bere atzetik gelditu zen zen Arkaitz Ordoki hamahiru segundora utzi zuen, 1:52’729ko denbora eginda. Haren atzetik, bi segundo baino gutxiagora, Garikoitz Flores sailkatu zen, 1:54’301eko denbora eginda.

Bikoen kategorian ere iazko bera txapeldun: Beñat Poblacion. Eta hark ere marka berria ezarri zuen, 1:55’842ko denbora eginda. Haren atzetik, hiru segundo baino gehixeagora, Bruno Scherer sailkatu zen; eta hirugarren, Gorka Eizmendi oriotarra, 2:01’910ko denbora eginda. 

Eguraldi bikaina lagun, autozale asko elkartu zen lasterketako puntu desberdinetan hitzorduaz gozatzera, eta antolatzaileak ere pozik agertu ziren txapelketak izandako harrerarekin.

(Argazkia: Urtzi Oteiza)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!