Aiako Udalak laguntza eskatu die herritarrei sendabelarrei buruzko proiektu berri baterako

Iñigo Gaiton 2022ko api. 2a, 18:02

Liburuxka bat atera nahi du udalak, aiarrek sendabelarren inguruan dakitena bildu eta gero. Dokumentatua utzi nahi dute "galtzear den ondare immaterialaren" zati bat.

Sendabelarren inguruko egitasmo berri batean parte hartzera deitu dituzte aiarrak. Udalak ohar bidez azaldu duenez, sendabelarren inguruko ezagutza bildu nahi dute, ondoren liburuxka bat argitaratu asmoz. "Herritarren parte hartzea beharrezkoa da, ahalik eta informazio gehien biltzeko", adierazi dute.

Aiako Udalaren iritziz, gaur egun galtzear da "belaunaldi belaunaldi sendabelarren inguruan pilatutako jakituria, ondare immaterial garrantzitsu bat, belaunaldien arteko zubia eten egin delako".

Ezagutza hori guztia "erabat" desagertu aurretik, proiektuan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, herri mailako dokumentazio lan bat egiteko.

Parte hartzeko modua hau da: herritarrek orri batean idatzi behar dute sendabelarraren izena, landarea zertarako eta nola erabiltzen den zehaztuz. Horrez gain, datu pertsonalak (izen abizenak eta telefonoa) ere bai, udala haiekin harremanetan jar dadin. Informazio hori guztia duen orria Goiz-argiren lokalaren kanpoaldeko buzoian sartu behar da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!