Eskuzko pilota eta pala txapelketak antolatu ditu Aiako Kirol Elkarteak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 2a, 11:26

Ekainaren 8a, asteazkena, bitartean eman daiteke izena txapelketetan.

Aurten ere jokatuko dituzte eskuzko pilota eta pala txapelketak Aian, herriko kirol elkarteak antolatuta. 39. eta 32. edizioak izango dira, hurrenez hurren, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte, txapelketa irekiak izango baitira; hori bai, bikotekako lehian parte-hartzaileetako kide batek, gutxienez, aiarra izan beharko du, eta bakarkakoan aiarrek soilik parte hartu ahal izango dute.

Hona hemen txapelketa bakoitzeko xehetasunak:

Alde batetik, eskuzko pilota txapelketa sei kategoriatan banatuko dute: Mutiletan 10 urte artekoak, 11- 15 urte bitartekoak eta 16 urtetik gorakoa; azken hauek banaka lau t' erdian edo binaka arituko dira. Nesken lehian, berriz, bi adin-tarte zehaztu dituzte: 13 urte bitartekoak eta 14 urtetik gorakoak.

Bestetik, pala txapelketan mutilak binaka edo banaka lehiatuko dira. Binaka hiru adin-tarte zehaztu dituzte: 10 urte bitartekoak, 11-15 urte artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Dena dela, nagusienen kategorian bi maila zehaztu dituzte eta parte hartzaileek izena ematerakoan zehaztu beharko dute zer mailatan jokatu nahi duten. Gizonezkoen banakako lehian, berriz, 16 urtetik gorakoak arituko dira. Nesken mailan ere hiru kategoriatan banatuko dute lehia, aurretik azaldutako adin tarteen arabera.

Txapelketetan parte hartu nahi dutenek kultur etxean edo aiakoke20@gmail.com helbidera idatzita eman dezakete izena, ekainaren 8a bitartean. Hala, antolatzaileek zehaztu dute bikoterik eduki gabe ere eman daitekeela izena, eta antolakuntza saiatuko delako bikotea bilatzen.

Kategoria guztietan set erara jokatuko dituzte partidak. Pala txapelketako finala uztailaren 30ean jokatuko da eta esku pilotakoak abuztuaren 7an. Hala ere, bikoteren bat abisurik gabe partidara azaltzen ez bada, kanporatua izango da txapelketatik. Bikoteko kide batek azaldu ezin badu, berriz, ordezkoa aurkeztu daiteke, txapelketatik kanpo dagoena edo parte hartu ez duena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!