Elkanoren urratsak Laurgaingo dorretxean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko uzt. 20a, 10:40
Laurgaingo dorretxea. (Urola Kostako Hitza)

Joan Sebastian Elkanok Carlos I.a erregeari eskuz idatzitako gutun bat aurkitu zuten 2016an Aiako Laurgain dorretxean, eta asteburuan Elkano Itsas Herria ekimeneko bisita gidatu batean gai hori izan dute hizpide.

Elkano Itsas Herria ekimenak asteburuan Aian hartu zuen lur, eta horren barruan Aiako ondareari, kulturari eta historiari balioa emateko ibilaldi gidatua antolatu zuten larunbatean Pagoeta Natur Parkean barrena, Elkanoren mundu bira Laurgainen izenburupean. 2016an, hain zuzen ere, Laurgaingo Lardizabal jauntxoen dorretxeko artxiboan aurkitu zituzten desagertuak zeudela uste zen Joan Sebastian Elkano getariarraren hainbat dokumentu, horietako bat berak Espainiako erregeari eskuz idatzitako gutuna. Iturraran parketxeko ingurumen hezitzaile Amaia Agotek azaldu dio egunkari honi zer dela eta iritsi ziren Elkanoren dokumentu horiek Laurgaingo dorretxera.

Lehenik eta behin, Agoteren ustez garrantzitsua da jakitea dorretxeak zituzten familiak «Ahaide Nagusien oinordekoak» zirela, eta dorretxearekin batera armarria eta artxiboa ere izaten zituztela. "Artxibo horretan erregearekin edo erregearen konfiantzazko jendearekin elkarbanatzen zituzten gutunak eta dokumentuak biltzen zituzten. Laurgaingo dorretxeko gaur egungo jabeak Eusko Jaurlaritzari utzi zion artxiboa, eta Borja Aginagalde ikertzaileak bertan aurkitu zituen Elkanoren gutunak", azaldu du Agotek.

Eskuz idatzitako gutunean, esaterako, Elkanok azaltzen zion Espainiako Carlos I.a erregeari aurreneko aldiz munduari bira ematea lortu zuela; hala, ordainetan hainbat eskaera ere egiten zizkion. Erregearen idazkariak gutun hori berbidali egin zion hainbat zehaztapen eginez, eta erregearekin biltzeko eskatu zion Elkanori, bidaian zer ikusi zuen azal ziezaion.

500 urrezko dukat
Egindako balentriaren ordainetan, Carlos I.ak Elkanori urtean urrezko 500 dukat agindu zizkion [gaur egungo 83.500 euro], eta utzi zion bere armarrian txertatzen munduaren figura eta Primus circundedisti me (Munduari bira eman zion lehena) esaldia. Dena den, "orain bezala, lehen ere erakundeekin hartu-emana oso mantsoa izaten zen, eta erregeak agindutakoa jaso aurretik hil egin zen Elkano", azaldu du Iturraran parketxeko hezitzaileak. "Garai hartan espeziak oso preziatuak ziren», eta erregeak espedizioa bidali zuen Indonesiara hango irla batzuk bereganatzeko eta espeziak lortzeko. «Familia aberatsek beren burua eskaini ohi zuten espedizioetako armadaren parte izateko, eta ordainetan sariak eta tituluak jasotzen zituzten. Hala, Elkanok, haren hiru anaiek eta koinatuak espedizioan parte hartzea erabaki zuten, baina Indonesian gaixotuta hil egin zen Joan Sebastian Elkano". 

Agoteren esanetan, espedizio hura "Elkano familiaren amaiera izan zen". Batetik, "bidaian parte hartu zuten familiako gizon guztiak hil egin zirelako, eta abizena oinordetzan hartuko zuen gizasemerik gabe geratu". Bestetik, elkanotarrek zorpetu egin behar izan zutelako espediziorako itsasontzia muntatzeko, eta erregeak agindu zizkion 500 urrezko dukat jaso aurretik hil zirenez, "zor handiarekin" geratu zelako familia.

Oinordekorik ez zutenez,Getariako familia aberats bat, urkiolatarrak, egin ziren elkanotarren ondarearen, dorretxearen, artxiboaren, armarriaren eta zorraren jabe. "Kasualitatez, haiek ere oinordeko zuzenik gabe geratu ziren, eta urrutiko oinordekoengana iritsi zen haien ondarea, laurgaindarrengana, hain zuzen ere. Horregatik aurkitu zituzten Elkanoren gutunak Laurgaingo dorretxearen artxiboan", argitu du Agotek.

Hasiera batean, historialariek Elkanoren dokumentu horiek desagertutzat eman zituzten, uste zelako sute batean galdu zirela. "Getarian sute handi bat gertatu zen, eta Elkano familiaren dorretxea erre egin zen; lau horma bakarrik geratu ziren zutik, baina artxiboa salbatzea lortu zuten, urkiolatarrek beren etxera eramana zutelako sutearen aurretik".

Gaur egungo ikuspegitik ikusita, Aiak nekazal herria badirudi ere, "herriak beti izan du itsasoarekin lotura", azaldu du Agotek. Hala, Aiako itsas ondarea ulertzeko, ingurumen hezitzailearen iritziz, garrantzitsua da garai hartan Oriaren itsasadarra nolakoa zen irudikatzea. Izan ere, gaur egun, errio ertzean industrialdea eta errepideak badaude ere, lehen Aiak bazituen Oria ibaira eta itsasora irteera ugari, eta bertako jauntxoak merkataritzarako erabiltzen zituzten horiek: Oribarzar hondartza edo Altxerri ingurua, esate baterako.

Agotek kontatu du garai hartan Ahaide Nagusien esku zegoela hein handi batean jarduera ekonomiko guztia: burdinolak, errotak, dorretxeak, nekazal lurrak, basoak, baserriak.... "Herri xeheak errenta ordaintzen zien horiek ustiatzeagatik, eta hortik bizi ziren jauntxoak. Gipuzkoa eta Bizkaia lurralde oso txikiak dira eta malkartsuak, eta beraz, ez zuten Arabako eta Nafarroako nekazaritza edo abeltzantza estentsiboa garatzeko aukerarik; biziraupeneko nekazaritza zen hemen nagusiki egiten zena, familiaren kontsumo propioa helburu zuena". 

Bestalde, ordea, Gipuzkoak eta Bizkaiak bazituzten "kalitate handiko basoak, eta orografiari eta klimari esker, burdinolak jartzeko toki egokiak ziren". Gainera, itsasora sarrera-irteera zuzena zuten, eta horrek merkataritzarako aukera ematen zien, "garaiko autopista itsasoa zelako". "Horregatik, bi lurraldeak itsasoari begira jarri ziren, eta burdinola ugari sortu ziren. Aia, esaterako, hamahiru burdinola eta 24 errota izatera iritsi zen, eta hori aberastasun handia zen herri batentzat", nabarmendu du Agotek. 

Ontziolak
Burdinoletan egindako burdina esportatzeaz gain, ontziolak ere sortu ziren errio bazterrean, "bazutelako itsasontziak egiteko behar zen guztia: itsasontzietako elementuak egiteko burdina, eta itsasontziak eraikitzeko egurra". Haritza erabiltzen zuten itsasontzietarako, eta pagoa ikatza egiteko. "Pagoeta izena ere hortik dator, Pagoeta zelako pago mintegi bat. Berez, pagoa 500 metrotik gorako lurretan hazten da, baina hemen badugu zuhaitzak azkar haztea ahalbidetzen duen klima aproposa, eta pago haztegi bat sortu zuten aire zabalean". Hala, burdin esportazioari eta ontzigintzari esker, merkatalgune garrantzitsua bihurtu zen Oriaren itsasadarra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!