San Donato eta San Lorentzo jaiak

Herri kirol jaialdiarekin borobildu dituzte festak Aian

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 11a, 09:20

Josu Urbieta aiarra izan zen nagusi ingudean, eta gutxigatik, azpitxapeldun geratu zen Gorka Etxeberria oriotarra. Iraitz Arruti zarauztarrak irabazi zuen kintopeko harri-jasotze txapelketa, eta Goenatxo III.a-k txinga proba. 

Bost eguneko festa jasari ginga ipintzeko, herri kirol jaialdia izan zen atzokoan Aiako pilotalekuan. Goraino bete ziren harmailak, eta pilotalekuaren bestelako ertzetatik ere jende andana izan zen zutik, jaialdia jarraitzen. Ingude, txinga eta kintopeko harri-jasotzeko Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten atzokoan, eta Mikel Larrañaga eta Iker Vicente puntako aizkolariek erakustaldiak egin zituzten. 

Ingudean, Josu Urbieta aiarra izan zen txapeldun. 88 jasoaldi egin zizkion ingudeari etxekoak eta, gutxigatik bada ere, egun Euskadiko txapelduna den Gorka Etxeberria oriotarra garaitu zuen (87 jasoaldi egin zituen hark). Goitia geratu zen hirugarren 83 jasoaldirekin eta Mazabel laugarren, 73 jasoaldirekin. 

Kintopeko harri-jasotze proban, Iraitz Arruti eta Imanol Royo Lartain zarauztarrak jardun ziren nor baino nor. Dotore egin zituzten lanak biek, baina Arruti gehiago izan zen, bai zilindroarekin, bai kubikoarekin. 51 altxaldi egin zituen denera Gipuzkoako kintopeko txapeldunak, eta 46 Lartain azpitxapeldunak. 

Txingei dagokienean, aurretik ere txapeldun izandako Goenatxo III.a izan zen garaile. Bederatzi plaza osatu zituen azkoitiarrak, eta bigarren egin zuen Urrestik ere bederatzi plaza egin bazituen ere, hamargarrenera heltzeko gutxiago falta izan zitzaion Goenatxo III.a-ri. Koska bat beherago geratu zen Urkiza gaztea, bost plaza eginda. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!