San Donato eta San Lorentzo jaiak

"Lo-herri izatera kondenatzen gaituen dinamikari aurre egiteko asmo irmoa dugu"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 13a, 09:17
Jai batzordeko kideak. (Utzitakoa)

San Donato eta San Lorentzo festen osteko biharamunak igarota, Aiako jai batzordeak festen balorazioa egin du. Balioan jarri dute, besteak beste, erasoen aurkako protokolo bat garatu izana, eta festa "ederrak" izan direla azpimarratu dute. 

Hauxe da festa batzordeak KARKARAri igorri dion testua:

Joan dira aurtengo festak, aje ubera luze bat utziz. Erre dugu hilabete luzez mimoz prestatutako egitaraua, traka bailitzan: herri afari, bazkari eta kalejirak; pilota partida, herri kirol eta goizaldean plazan izaten ziren indar erakustaldiak; kontzertu handi, txiki eta inprobisatuak; enbidoak eta hordagoak; haur eta ez-hain-haurren jolasak; bainuak, batzuk freskoak eta besteak beroak; turnoak, turnoak eta turnoak; haur, gazte zein helduen irribarreak, algarak eta haserreak; dantzak eta kalifikatu ezineko mugimenduak; kalimotxo mantxak, ezpainetakoarenak; kontatzeko istorioak eta kontatu ezin direnak…

Ederrak izan dira. Ederrak egin dituzue. Mila esker bertaratu eta aldarte ederrean parte hartu duzuen guztioi, eta, batez ere, goizetik gauera lanean jardun edota uneoro laguntzeko prest agertu zareten guztioi. Lan hori gabe ez legoke festarik. 

Ezin aipamenik gabe utzi aurten, lehenbizikoz, erasoen aurkako protokolo bat garatu dela. Inolako erasorik salatu ez den arren, onargarriak ez diren jarreren testigu izan gara, eta ziur gaude erasoak eman, emango zirela. Honen aurrean, antolatuta eta erantzuteko prest gaudela adierazi nahi dugu, festak benetan guztiontzat izatea lortu arte. 

Azkenik, egitarau eta hots handiez haratago, festa hauetatik irakaspen hauxe atera nahiko genuke: badagoela nahi eta gaitasun bat Aian bizitzeko, haur, gazte zein helduek euren aisialdia bertan antolatu eta garatzeko, lo-herri izatera kondenatzen gaituen dinamikari aurre eginez gero. Lan horretan jarduteko asmo irmoa dugu, 6 egunez beharrean 365 egunez posible izan dadin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!