Izeta VI.ak Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko du irailaren 3an

Nerea Uranga 2022ko abu. 23a, 14:00
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak parte hartuko du Azpeitian jokatuko den herri kirol saioan. (Argazkia: Ibon Errazu)

Herri kirol saioan hamabi kirolarik parte hartuko dute; tartean, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.-ak. 18:00etan izango da proba, Azpeitiko zezen plazan.

Irailaren 3an Gizonezkoen V. Euskal Pentatloia Saria txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Herri kirol saioan hamabi kirolarik parte hartuko dute; tartean, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak. Horrez gainera lehian ariko diren beste 11 kirolariak dira: Iñaki Errazkin (Tolosa, Gipuzkoa), Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Ioritz Gisasola Zelai IV.a (Mallabia, Bizkaia), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia), Julen Kañamares (Arostegi, Nafarroa), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia, Bizkaia), Jokin Urretabizkaia (Donostia) eta Beñat Amade (Getxo, Bizkaia).

Pentatloiko bost kirol diziplinetan ahalik eta azkarren egin beharreko lanak honako hauek izango dituzte: aurrena, harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta segidan, plaza bat egin beharko dute giza proban. Hirugarren proba, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebakitzea izango dute, eta aizkorako lana bukatu ondoren, hiru plaza egin beharko dituzte txingekin. Bukatzeko, lasterka kilometro bat osatzea izango da kirolarien lana.

Gizonezkoen V. Euskal Pentatloia Sariko lehen kanporaketa maiatzean jokatu zuten Tolosan (Gipuzkoa), eta Zaldua, Zelai V.a, Urretabizkaia eta Atutxa izan ziren Azpeitian jokatuko den bigarren kanporaketa jokatzeko txartela lortu zutenak.

Irailaren 3an, larunbata, Azpeitiko zezen plazan jokatuko den pentatloi saiorako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte, 20 eurotan. Azpeitian Mendizabal erretegian eskuratu daitezke eta Tolosan Kantabriko tabernan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!