Gorka Olasagasti 'Errota': "Handia izango litzateke gorengo mailara itzultzea"

Mikel O. Iribar/Berria 2022ko abu. 26a, 17:21
Gorka Olasagasti KAE1 ligako banderarekin.
San Pedrok igoerako kanporaketa jokatuko du, KAE 1 liga irabazi ostean. Libia 2019an aritu zen azkenekoz Eusko Label ligan, eta Olasagasti aiarra traineru morearen tostartean zen orduan ere. "Dena emango dugu", adierazi dio Berria egunkariari emandako elkarrizketan.

Arraunaren historia liburuetan atzera egin behar da San Pedroren garairik loriatsuenak topatzeko. Ordutik, isilago dabil Libia ontzia, baina, lantzean behin, banderarekin heldu izan da Pasai San Pedrora (Gipuzkoa), nahiz eta KAE 1 ligako estropadetan lortutakoak izan. Azken bandera, zehazki, berezia izan da: lehiaketa horretako irabazlearena. Traineru morearen tostartean dabil Gorka Olasagasti Errota (Aia, 1994), zortzigarren denboraldiz. Arraunlari zaildua da, denetarik bizi izan duena.

Denboraldia hasi aurretik, espero zenuten KAE 1 ligan lehenak izango zinetela?

Ez genuen espero liga irabaziko genuenik, baina bagenuen ondo ibiliko ginen itxaropena. Pausoz pauso joan gara. Lehen helburua zen ohorezko txandan sartzea. Behin aurkaririk indartsuenen pare ginela ikusita, lehen bi postuetan sailkatzea izan zen hurrengo erronka; eta, azkenik, lider jarri ginenean, liga irabaztea izan zen. Eta lortu dugu. Halere, liga irabazteari baino gehiago, kanporaketa jokatzeko lorpenari eman diogu garrantzi handiagoa .

Laugarren jardunaldian, liderraren elastikoaren jabe egin zineten. Zeuen buruarengan sinesten hasiko zineten bada, ezta?

Hasierako estropadetan gustura genbiltzan arraunean. Gero, Oriokoa irabazi genuen. Halere, ordura arte lortutakoa ez zen nahikoa izan; gehiago egin behar genuen, eta ezin ginen erlaxatu. Zarauzkoa [ligako azken-aurreko estropada] izan zen horren adibide. Hanka sartuz gero, garesti ordainduko genuen, baina, zorionez, lan ona egin genuen.

Zein izan da gakoa lehen postuan amaitzeko?

Ondo entrenatzea, inork huts egin gabe. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua izan da taldean giro ona edukitzea. Emaitza txarra ateratzen denean, egoera gainditzea da zailena. Bada, taldekideen artean errazagoa da hori lortzea.

Irakurri elkarrizketa osorik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!