Orientazio jokoa prestatu dute Iturraranen hilaren 3rako eta 24rako

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 28a, 10:05

Galdutako erlearen bila izena jarri diote, "erleen mundu berezia" lantzea baita helburua. Partaide guztiek "oparitxo bat" jasoko dute amaieran. Izena emateko epea zabalik da.

Irailaren 3an eta 24an "erleen mundu berezia" landuko dute Iturraran Parketxean joko baten bidez. Galdutako erlearen bila orientazio jokoan talde txikietan bilduko dira –familiak ere izan daitezke–, eta mapa baten laguntzaz, lorategi botanikoan barrena ibiliko dira partaideak lorez lore erleei buruz ikasten.

Amaieran, erlategira joan eta erlauntza bat irekiko dute "erleek beraien aberasketan egiten duten lana ikusi eta ezagutzeko". Parketxeko arduradunek gogorarazi dutenez, "erleak behar-beharrezkoak ditugu ekosistemetan, eta bisita hauen helburua da zertxobait gehiago ikastea, ezagutu ahala zaintzen dugulako gure ingurunea".

Jokoan parte hartzen duten guztiek "oparitxo bat" eramango dute etxera.

Izen-ematea eta informazioa

Orientazio jokoan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, nahiz informazio gehiago eskuratzeko, nahikoa da 943-83 53 89 telefono zenbakira deitzea edo mezua idaztea iturraran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora.

Erreserba egin nahi izanez gero, online ere egin daiteke hemen.

Helduek sei euro ordaindu beharko dute jardueragatik, eta 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoek, berriz, lau euro.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!