Izeta VI.ak Euskal Pentatloiaren finala jokatuko du irailaren 24an

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 4a, 09:42
Zaldua, Izeta VI.a, Gabirondo, Atutxa eta Basozabal, V. Euskal Pentatloiaren sei finalistetako bost. Zelai IV.a izango da seigarrena. (Mailo Oiarzabal)

Orain arteko txapeldunek, Zalduak eta Izetak, egin zituzten marka onenak atzo arratsaldean Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten finalaurreko kanporaketan. Lehen kanporaketatik zetozten lau kirolariek lortu dute irailaren 24an jokatuko den finalerako txartela, eta iazko finalean aritu zirenetatik Izeta eta Gabirondok bakarrik errepikatuko dute aurtengoan.

Erabakita dago irailaren 24an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den V. Euskal Pentatloi Sariaren finala. Atzo jokatu zuten, toki berean, finalaurreko kanporaketa. 100 kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bana, aizkoran kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza eta korrika kilometro bat egin behar izan zituzten kirolariek atzoko saioan, hurrenkera horretan; finalean izango dituzten lanak baino laburragoak, beraz.

Hamabi kirolari lehiatu dira, hirunako lau txandatan banatuta, eta sei denbora onenak egin dituztenek lortu dute finalera sailkatzea, tartean Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak, lanak 12 minutu eta 22 segundutan amaitu ondoren. Aiarraz gain, berarekin ariko dira: Xabier Zaldua (12 minutu eta 12 segundo), Julen Gabirondo (13:21), Aitzol Atutxa (13:22), Ioritz Gisasola Zelai IV.a (13:27) eta Jokin Urretabizkaia Basozabal (13:32).

Txapeldunen arteko lehia

Xabier Zaldua, euskal pentatloiaren aro berriko lehen hiru edizioen txapelduna, eta Izeta VI.a, iaz jokatu zen laugarren edizioaren irabazlea, aldearekin gailendu ziren atzoko saioan; 13 minututik behera ibili ziren bakarrak izan ziren, eta 10 segundoko aldea atera zion Zumarragakoak Aiakoari. Laugarren eta azken txandan lehiatu ziren biak, Irazabalekin batera, ordura arteko lehiakide guztiek egindako marken jakitun, beraz, eta finalerako faborito txartelaren jabe egin dira orain arteko bi txapeldunak. Pare-parean ibili ziren korrikako probaren hasiera arte. Hor, Zaldua segundo apur batzuk aurretik zela, abiatu behar zuen lekutik ez zen abiatu Izeta eta, beraz, atzera egin behar izan zuen, zegokion lekutik irteteko.

Lehen txandan aritu ziren Gabirondo eta Basozabal, Amaderekin batera; eta hirugarrenean Atutxa eta Zelai IV.a, Zelai V.arekin batera.

Maiatzaren 28ko lehen kanporaketatik zetozen atzoko hamabi lehiakideetatik lau, eta beste zortziek iazko edizioan lortutako emaitzei esker izan dute aurtengoaren finalaurrekoa jokatzeko aukera. Eta lehen kanporaketatik zetozen laurak –Zaldua, Atutxa, Zelai IV.a eta Basozabal– igaro dira finalera. Aitzitik, iazko finalistetatik bik besterik ez dute errepikatuko aurtengoan, Izeta VI.ak eta Gabirondok.

Bukaeran, sei finalistetatik bost atera ziren zezen plazara elkarrekin argazkia ateratzeko; Zelai IV. falta zen, egindako ahaleginari buelta eman ezinda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!