Izeta VI.a Euskal Pentatloi Sariko txapelaren bila

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 23a, 12:00
Ezkerretik eskubira, Arruti, Gabirondo, Izeta, Zelai IV.a, Zelai III.a, Atutxa, Orbe eta Zaldua, atzo, aurkezpenean. Otaegi falta zen. (Euskal Pentatloia)

Bihar jokatuko da herri kirol ikuskizunaren finala, 22:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. Gizonezkoetan sei finalista ariko dira, eta emakumezkoetan hiru.

Azpeitiko zezen plazak hartuko du aurten ere Euskal Pentatloi Sariaren finalen ikuskizuna. Bihar, 22:00etan hasita, erabakiko dira aurtengo bi txapelak norentzat diren.

Emakumeen finala jokatuko da aurrena. Gizonetan ez bezala, aurrekanporaketarik ez da izan emakumeen pentatloiaren bigarren edizio honetan, eta hiru kirolarik jokatuko dute finala: Karmele Gisasola Zelai III.ak, Nerea Arrutik eta Lucia Orbek. Zelai III.ak iaz irabazitako txapela defendatuko du bihar; Orbek ere bigarren finala du, eta Nerea Arruti da pentatloiaren finalean lehen aldiz lehiatuko da. Hauek dira hiru finalistek egin beharko dituzten lanak: 63 kiloko bola hamabost aldiz jaso, giza proban 250 kiloko harriarekin plaza bat osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 35 kiloko txingekin lau plaza bete, eta korrika kilometro eta erdi.

Gizonen finala etorriko da ondoren. Sei finalistak hiruko bi txandatan banatuta lehiatuko dira, hilaren 3ko finalaurrekoan egindako denboren arabera banatuta. Horrela, Joseba Otaegi –Basozabalen tokia hartuta–, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Aitzol Atutxa ariko dira lehen txandan, eta Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabier Zaldua gizonenean. Azken bi horiek dira euskal pentatloiaren aro berrian txapela lortutako bakarrak –2018an, 2019an eta 2020an irabazi zuen Zalduak, eta 2021ean Izetak–, eta finalaurrekoan ikusitakoaren arabera, biharkorako faborito nagusiak ere bai. Hauek dira gizonen finalean kirolariek osatu beharko dituzten bost lanak: 100 kiloko bola 25 aldiz jaso, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, kanaerdiko hiru enbor moztu, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu, eta hiru kilometro korrika.

Sarrerak salgai

Antolatzaileek atzo aurkeztu zituzten biharko finalak Leaburun (Gipuzkoa), Mahala babeslearen egoitzan. Bederatzi finalistetako zortzi elkartu zituzten han; Otaegi bakarrik falta zen.

Biharko hitzorduaren hainbat xehetasun azaldu zituzten aurkezpenean. Sarrerei dagokienez, 25 eurotan eros daitezke; Landeta Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabrikon eskuratu daitezke sarrerok, eta bihar zezen plazako leihatilan ere jarriko dituzte salgai, 20:30etik aurrera.

Zezen plazaren ateak, berriz, 21:00etan irekiko dituzte ikusleentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!