Txapela buruan, nekerik ez

Berria 2022ko ira. 30a, 09:00

Binakako euskal pentatloian egin bezala, banakoan ere nagusitu dira Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Biek azaldu dute "oso gogor" lan egin dutela azken hilabeteetan, eta "oso pozik" daudela lan horrek "saria" izan duelako. Berria egunkariak landutako erreportajea da honakoa

Bi egun joan dira banakako pentatloia irabazi zutenetik, eta bai Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) eta bai Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.a-k (Aia, Gipuzkoa, 1993) buelta eman diote eginiko ahaleginari. Arindu egiten zaie nekea txapela ikustean.

Egin zuten lehen gauza ospatzea izan zen. Aldea egon zen baten eta bestearen artean. Apalak izan ziren Arrutiren ospakizunak. «Goizeko ordu bietan amaitu genituen lanak plazan, eta garagardo bat besterik ez nuen hartu han bertan. Nekatuta nengoen. Gero, etxekoekin bazkaldu nuen. Aste honetan ospatuko dut lagunekin, behar bezala». Izeta VI.a, berriz, Zarautzera (Gipuzkoa) joan zen, gaua luzatzeko asmoz. "Parranda pixka bat egin genuen. Jai nuen, eta aprobetxatu beharra zegoen. Senitarteko batzuekin ere bazkaldu nuen".

Ez dira ados jarri ezta finala ikusteko orduan ere. Arrutik ez du ikusi, eta ez du ikusiko. "Badakit huts gehiegi egin nituela; ikusten badut, gaizki egindakoari soilik erreparatuko diot. Sentipen onak hartu nahi ditut gogoan".

Aitortu duenez, "lasai" egon zen bezperan, baita plazara iristean ere. Baina "bat-batean" jarri zen urduri. "Aurkezpena hasi, eta familia, lagunak eta kartela ikusi bezain pronto, oso urduri jarri nintzen. Lehen proba harri jasotzea izateak zerikusia izan zuen; ez dut ondo menderatzen. Gaizki hasi nintzen, eta hori gutxi ez, eta giza proban inoiz baino okerrago aritu nintzen".

Azkena zen aurreneko bi probak bukatuta: Karmele Gisasola Zelai III.a-k 32 segundo ateratzen zizkion, eta Lucia Orbek, hamalau. Ez zen larritu; espero zuen. "Lasai antzean nengoen. Espero baino okerrago ari nintzen, baina aldea ez zen handia. Gainera, aizkoran moldatzen naiz ondoen". Hasieratik erakutsi zuen zergatik den Urrezko Aizkorako binakako eta banakako txapelduna. Berehala harrapatu zituen aurkariak, baita aurrea hartu ere. 1.19ko aldearekin ekin zien txingei. "Gustura aritu nintzen aizkorarekin, eta horrek lasaitu egin ninduen. Itxaropena nuen aurretik egoteko, baina ez horrenbesteko aldearekin. Horri esker, lasaiago aritu ahal izan nintzen".

Zelai III.a korrika hasterako, hiru itzuliren aldea zuen. "'Kito, Nerea; orain, gozatu', pentsatu nuen. Eta hori egin nuen azken itzulietan: gozatu". 21.09ko marka egin zuen. 2.13 atera zion Zelai III.ari, eta 4.09 Orberi. "Irabazteko esperantza nuen, baina ez horrenbesteko aldearekin; Karmele eta Lucia kirolari puskak dira".

Hasi eta buka, nagusi

Izeta VI.ak, ordea, finala ikusi du, sakelakoan, baina badu asmoa telebista aurrean jartzeko. Autokritika egin du berehala. «Barea jarri zitzaidan korrika, eta ez nuen batere gozatu. Aizkoran ere ez nintzen gustura aritu. Espero baino denbora gehiago behar izan nuen; egurrak iazkoak baino txarxegoak ziren, gogorxeagoak».

Bestelakoan, "oso pozik" dago egindako lanarekin; batez ere, estrategia "oso ondo" atera zitzaiolako. "Harriarekin jo nahi nuen, aldea lortzeko. Nahi eta egin. Giza proba amaieran ere aurretik nengoen, minutu eta erdi pasatxogatik. Banekien oso zaila izango zela aldea kentzea lehen kana-erdikoan barruko aizkora hartua banuen. Hori ikusita, pentsatu nuen ia eskura nuela txapela. Halere, sufritu egin nuen". "Izugarri" eskertu zuen "hasi eta buka" aurretik joatea. "Sekulako aldea dago; beste proba bat da. Ni aurretik izan naiz azken bi urteetan, baina inoiz tokatuko zait atzetik joatea".

Irakurri erreportajea osorik Berria-ren webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!