PAPEREKOA

Hizkuntza zaharra, erronka berriak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urr. 6a, 11:53
Jexux Goikoetxea eta Kalare Arrillaga Lardizabal Eskolaren atarian. (Amaia Urbieta Arruti)

Arnasgune titulua ongi irabazia izanagatik, Aia ez da irla bat hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Kultur kontsumoaz, herri euskaldunaren mitoaz nahiz ardura kolektiboaz aritu dira solasean Jexux Goikoetxea Lardizabal eskolako zuzendaria eta Kalare Arrillaga bertako gurasoa, Euskaraldia gertu den honetan. 

Euskararen erabileraren inguruko kezka eta kontzientzia nabari zaie Jexux Goikoetxeari nahiz Kalare Arrillagari. Egoera orokorraz aparte, gertuen duten errealitatearen norabideak arduratzen ditu batik bat. Izan ere, arnasgune diren herriek ere ezin diete izkin egin joera nagusiei, eta kaleko erabileren datu eguneraturik esku artean ez badute ere, hizkuntza erabilerari dagokionez Aian "orain arte bizi gabeko egoeran" daudela adierazi du Goikoetxeak.

Lardizabal ikastetxeko zuzendaria da Goikoetxea, eta semeak bertara eramaten ditu Arrillaga aiarrak. Lehenik eta behin, Goikoetxeak azpimarratu nahi izan du euskararen erabilera "oso altua" dela Aian, bai haurren, bai gazteen artean. "Ia erabat egiten da euskaraz". Dena den, azken boladan sumatu dituzten zenbait joerak hausnarrean ipini ditu eskolako arduradunak eta zenbait guraso. "Duela urte batzuk ez zitzaigukeen burutik pasatu ere egingo haurrak elkarren artean gaztelaniaz hizketan entzutea, baina gertatzen ari da. Guretzat egoera berria da, horrek hausnartzera eraman gaitu, eta eskolaren aldetik behintzat, ari gara pauso batzuk ematen egoera hori kudeatzeko", azaldu du Goikoetxeak. Esaterako, eskola errefortzuak bultzatzen eta indartzen ari direla aipatu du, eta gurasoei euskara irakasteko ahalegina ere egingo dute, AEKrekin eta udalarekin horretarako egitasmo bat diseinatuta. Ez da nolanahiko erronka: izan ere, ohartuta daude duela urte batzuk diseinatutako Euskara Planak ez duela balio egungo egoeraren aurrean.

Arrillagak berak ere sumatu du joera aldaketa. "Nik uste dut lehen ama hizkuntza gaztelania zuenari ere, herriko kutsua horren euskalduna izanik, zaila egiten zitzaiola gaztelaniaz jardutea". Hori aldatzen ari da ordea, eta gaur egun, ama hizkuntza gaztelania dutenek erraztasun handiagoz bultzatzen dituzte ingurukoak gaztelaniaz egitera.

Askotariko arrazoiak

"Bai Espainiatik, bai beste herrialde batzuetatik, herritar kopuru handi samarra etorri da denbora gutxian", azaldu du Goikoetxeak. Aia izateko herritar berri kopuru altua izan dela dio Lardizabal ikastetxeko zuzendariak, eta horrek herriko hizkuntza ohituretan eragina izan du. Ez da hori, ordea, azken boladako norabidearen iturburu bakarra Goikoetxearen eta Arrillagaren arabera. Besteak beste, hor dago kultur kontsumoaren hautua ere.

"Gaztetxoek orokorrean euskaraz egiten dute, bai, baina nik ikusten dudan arrisku handienetarikoa da kultur kontsumoa beste hizkuntza batzuetan egiten dutela. Musika, telebista kateak, sare sozialak... Hor euskarak oso tarte txikia dauka". Iritzi horren osagarri moduan, orain gutxi Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egin duen azterketa baten datuak mahaigaineratu ditu Goikoetxeak. "Beldurtzekoak" dira, bere aburuz. Ikerketaren arabera, haurrek kontsumitzen dituzten telebista kateen artean, Clan –Espainiako Telebistako marrazki bizidunen katea– da nagusia. Euskal Telebista, berriz, zerrendaren beheko aldean agertzen omen da, eta haren aurretik omen daude Disney eta beste hainbat.

Musikaren kontsumoa, esaterako, erdia da euskarazkoa, eta beste erdia erdaretan banatzen da. Telebista kateen proportzioarekin alderatuta altua da euskarazko musikaren kontsumoa baina, hala ere, gaztetxoen artean euskarazko artistekiko nolabaiteko atxikimendu falta nabari du Arrillagak. Aiarrak uste du pandemia hasi zenetik "izugarrizko bultzada" eman zaiola euskarazko kulturari herrian. "Dema plaza berria egin zenetik, antzezlanak eta kontzertu pila bat egon dira horren herri txikia izateko, eta uste dut bultzada handia eman zaiola euskarazko kulturari". Horren aurrean gaztetxoen mugimendua ikusten duen arren, ez ditu bereziki motibatuta sumatzen herriko biztanlerik gazteenak.

Herri euskaldunaren mitoa

Berak ezagutu izan duen Aia beti ia guztiz euskalduna izan den galdetuta, baietz erantzun du Arrillagak. Oroitzen du haurrak zirenean urduri jartzen zirela kotxe bat gelditu eta zerbait gaztelaniaz galdetzen bazieten. "Guk ez genuen gaztelania menperatzen, erabat euskaraz bizi ginen". Duela urte batzuetatik hona gauzak aldatu egin dira, ordea, eta Goikoetxeak uste du "mito" moduko bat sortu dela. "Edozein kanpainaren aurrean Aia herri guztiz euskaldun moduan agertzen da, baina errealitatea ez da hori".

Mito hori zabaltzeak eta sinisteak herritarrak "erlaxatzea" ekarri duela uste du Lardizabalgo zuzendariak. "Eskola atarira etortzea besterik ez dago, umeen bila etortzen diren gurasoen artean belarria jarri, eta ikusten da zer dagoen. Jende euskaldunak gaztelaniaz hasteko ohitura izugarria daukala ikusten da. Hori umeek entzun egiten dute eta, orduan, pentsatzen dute helduak direnean beraiek ere gaztelaniaz egingo dutela".

Horren guztiaren aurrean, ordea, zer egin dezake eskolak? Goikoetxeak eta Arrillagak, biek diote eskola "irlatxo bat" besterik ez dela, eta berak bakarrik ezin diola egoerari buelta eman. "Herri osoaren erronka bezala hartu behar dugu, eta elkarlanean aritu behar dugu herriko instituzioek, elkarteek eta abarrek, konpromiso kolektibo nahiz pertsonala hartu behar delako". Izan ere, Lardizabalen "euskararekiko lotura afektiboa" lantzearen aldeko apustua egiten dutela azaldu du bertako zuzendariak: "Euskararekiko harrotasuna izan dezatela, jakin dezatela euskarazko mundua oso aberatsa dela, eta horri prestigioa ematen ahalegintzen gara". Ahaleginak ahalegin, eskolatik ateratzen direnean ikasleek "beste mundu batekin egiten dute topo", eta horren aurrean, ezer gutxi egin dezake eskolak.

Hari horri tiraka, gurasoen ardura nabarmendu du Arrillagak: "Kultur kontsumoaren gaia, esaterako, uste dut etxekoen gain dagoela. Adin batetik aurrera gaztetxoak beren kabuz hasten dira mugitzen eta kontsumo hautuak egiten, baina gurasoen esku ere badago zenbait hauturen alde bultzatzea. Haurrak antzerkira edo kontzertuetara eramatea gurasoen gain dago; bestela, haurrek ez dute euskarazko kultura sorkuntza ezagutzeko eta horretaz gozatzeko aukerarik izango". Horri lotuta, biek ala biek gaztetxoen ateraldiekin "susto galantak" hartu izan dituztela azaldu dute. Esaterako, behin baino gehiagotan sumatu dituzte irratitik entzuten den gaztelaniazko azken modako kantua abesten, letra goitik behera jakinda eta, txanpon beraren beste aldean, sumatu izan dute gaztetxoek Euskal Herriaren historiako kultur erreferente ezagunenak zeintzuk diren ez dakitela. "Garbi dago transmisioan eten bat egon dela", iritzi dio Goikoetxeak.

Horren jakitun, Euskaraldia pauso batzuk ematen hasteko "aukera ederra" izan daitekeela uste du Goikoetxeak, herritarrak "aktibatzea" helburu duen ariketa delako, eta ardura kolektibo nahiz pertsonalean eragiten duelako, nolabait, norbanako bakoitza ekintzara bultzatuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!