Udazkeneko asteburu eta jaiegunetan altxorraren bila aritzeko aukera izango da Iturraranen

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 7a, 13:30

GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak Iturrarango lorategi botanikoan prestatutako orientazio zirkuitu batean balizak topatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta naturarekin lotutako zenbait galdera erantzun ere bai. Familian egiteko jarduera izango da eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena.

Udazkeneko larunbat, igande eta jaiegunetarako familientzako plan dibertigarria prestatu dute Aiako Iturraran parketxean; hain zuzen ere, hango lorategi botanikoan altxorraren bila jolastea. Jarduerak GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak prestatutako orientazio zirkuitu bat izango du oinarrian, eta helburua izango da "jolasaren bidez naturan orientatzen ikastea eta inguruan duguna ezagutzea". Parte hartzaileek balizak topatu beharko dituzte, eta naturarekin lotutako hainbat galdera erantzun. Antolatzaileek azaldu dutenez, haurrek zein helduek parte hartzeko moduko jolasa izango da.

Bertaratzeko asmoa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Jardueran parte hartzeko, helduek bost euro ordaindu beharko dute; eta 12 urte arteko haurrek, hiru euro. Bi ordu eta erdiko iraupena izango du jarduerak, eta jolasari hasiera 10:00etatik 11:30era bitartean eman beharko diote familiek, eguerdirako bukatu ahal izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!