Zabaldu dute Aiako II. Mendi Duatloian izena emateko epea

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 10a, 17:00

Urriaren 29an jokatuko dute proba, eta 150 lagunentzat lekua egongo da. Parte hartu nahi dutenek Interneteko Kirolprobak atarian eman beharko dute izena. Plazak betetzen direnean itxi egingo dute izen-ematea; bestela, bezperara arte utziko dute aukera. Lekurik geldituko balitz, probaren egunean bertan ere eman ahalko da.

Urriaren 29an Aiako Mendi Duatloiaren bigarren edizioa jokatuko dute. 15:30ean Andatzako plazatik abiatuko dira kirolariak, eta toki berean bukatuko dute proba. Hiru zati izango ditu: aurrenekoak, lau kilometro eta 250 metroko desnibel positiboa izango ditu, eta korrika egin behar dute; bigarrenak, bizikletaz egin beharrekoak, 20 kilometro eta 735 metroko desnibel positiboa izango ditu; eta azken zatia, bi kilometro 125 metroko desnibel positiboarekin, korrika egin beharko dute.

Banaka zein binaka parte hartzeko aukera egongo da. Banakako lasterketan, partaide bakarrak egin beharko du ibilbide osoa, eta binakakoan, batek korrikako bi zatiak egin beharko ditu, eta besteak, bizikletako tartea egin beharko du. Nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Interneteko Kirolprobak atarian. Proba egunaren bezperara arte egongo da zabalik izen-ematea, urriaren 28ra arte hain zuzen, baldin eta aurrez toki guztiak betetzen ez badira. Izan ere, antolatzaileek aurreratu dutenez, 150 lagunentzako lekua egongo da duatloian. Dortsal denak betetzen ez badira, egunean bertan ere egongo da inskripzioa egiteko aukera. Banaka izena ematea 20 euro kostatuko da; binaka, berriz, bikoteko 30 euro.

Aiako Mendi Duatloia iaz antolatu zuten aurreneko aldiz, eta eguraldiak askorik lagundu ez zuen arren, ehundik gora lagunek parte hartu zuten proban. Banakako lehian 64 lagunek parte hartu zuten, 59 gizonek eta lau emakumek; eta beste 28 bikotek erreleboka egin zuten ibilbidea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!