Ostiralera arte aurkez daitezke lanak Aiako Argazki Lehiaketara

Karkara 2022ko urr. 12a, 09:15
Argazkilaria argazkia ateratzen.

Aurten ere librea izango da argazki lehiaketako gaia, baina antolatzaileek eskatu dutena da lanek herriarekin lotura izan dezatela.

Abian da Aiako XVI. Argazki Lehiaketa, eta ostiralean itxiko dute lanak aurkezteko epea. Iaz bezala, aurtengoan ere gaia librea izango da; baina hori bai, herriarekin lotura izan beharko dute lehiaketara aurkezten diren lanek. Lanak kultur etxean aurkeztu behar dira.

Argazkiek originalak izan beharko dute eta lehendik inon argitaratu gabeak. Partehartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkeztu ahalko ditu, koloretan nahiz txuri-beltzean, eta 2021ean edo 2022an ateratakoak izan beharko dute. Pendrive batean eta argazki paperean aurkeztu behar dira, 30x20 zentimetroko neurrian eta formatu horizontalean. Argazki bakoitzak bere izenburua eduki beharko du, eta horrez gain, argazkiekin batera, beraien datu pertsonalak gutunazal baten barruan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehiaketa bi ataletan banatuko dute, bata Aian erroldatutakoei zuzendua izango da eta bestea gainontzekoei. Hala ere, bi multzotako sariek kopuru bera izango dute.

Sariak

Urtero bezala, bi sari multzo banatuko ditu Aiako Udalak. Hiru sari herrian erroldatutakoentzat izango dira, eta beste hiru herritik kanpokoentzat. Multzo bakoitzeko lehen saridunak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 170 euro eta hirugarrenak 120 euro. Pertsona berak sari bat baino gehiago ezingo dituela jaso zehaztu du udalak.

Horiez gain, otarre bat zozketatuko dute sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean.

Epaimahaiak erabakiko du aurkeztutako lanek lehiaketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez. Onartutako lan guztiekin erakusketa jarriko dute Aiako Kultur Etxean, eta ikusleek emandako bozka bidez erabakiko dute irabazleak nortzuk diren eta zeintzuk izango diren udalak 2022ko egutegia osatzeko erabiliko dituen lanak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!