Aiako XVI. Argazki Lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai daude kultur etxean

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 26a, 09:30

52 irudiz osatutako erakusketa azaroaren 6ra arte egongo da zabalik. Herritarrek aukera dute gehien gustatzen zaizkien hamabi lanak zeintzuk diren adierazteko, eta botorik gehien lortzen dituzten argazkiekin datorren urteko egutegia egingo du Aiako Udalak.

Aiako XVI. Argazki Lehiaketara aurkeztu dituzten lanak ikusgai daude herriko kultur etxean. Astelehenean zabaldu zuten erakusketa, eta azaroaren 6ra arteko egongo da zabalik, honako ordutegian: astegunetan, 15:30etik 17:00etara; eta igande eta jaiegunetan (urriak 30 eta azaroak 1 eta 6), 11:30etik 13:30era. Larunbatetan itxita egongo da.

Aia gai hartuta aurkeztu dituzten 52 argazkik osatzen dute erakusketa, gaiari dagokionez, hori baitzen jarri zuten baldintza bakarra: lanek herriarekin zerikusia izatea. Jasotako argazki guztiek aditu talde baten galbahea pasatu behar izan dute lehenik, eta haien oniritzia jaso dutenak dira erakusketan ikusgai daudenak. Nabarmentzekoa aurtengo lehiaketan izan den parte hartzea eta aurkeztu dituzten lanen kalitatea; izan ere, iaz 30 lan iritsi ziren kultur etxeko hormetara, eta aurten 22 gehiago dira.

Orain, baina, herritarrek dute hitza, haiek baitira epaileak. Erakusketa ikustera joaten direnek aukera dute gehien gustatzen zaizkien hamabi argazkiak zerrendatzeko, aretoan bertan topatuko duten orria betez. Gero, Aiako Udalak botorik gehien lortzen dituzten hamabi lanak erabiliko ditu datorren urteko egutegia egiteko, eta sei onenen egileek aparteko sari bana ere jasoko dute. Sei sari horietako hiru Aian erroldatutako herritarrentzat izango dira; eta beste hirurak, gainontzekoentzat. Bi multzoetan, 200 euroko saria jasoko du lehenak, 170 eurokoa bigarrenak, eta 120 eurokoa hirugarrenak. Horrez gain, otarre bat zozketatuko dute sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean.

Kultur etxeko hormetan zintzilik dauden 52 argazkiak originalak dira, alegia, aurrez beste inon argitaratu gabeak, eta 2021ean edo 2022an ateratakoak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez lau argazki aurkezteko aukera izan du, koloretan edo txuri beltzean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!