Gaur da Aiako II. Mendi Duatloian 'online' izena emateko azken eguna

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 28a, 12:30

Bihar jokatuko dute proba. 150 lagunentzat lekua egongo da, eta oraingoz 38 lagunek baieztatu dute parte hartzea. Gauerdira arte Interneteko Kirolprobak atarian eman ahalko da izena; eta bestela, bihar, Andatzan bertan.

Bihar izango da Aiako Mendi Duatloiaren bigarren edizioa, eta gaur gauerdian bukatuko da Interneteko Kirolprobak atarian izena emateko epea. 150 lagunentzat lekua egongo da proban, eta oraingoz 38 lagunek baieztatu dute parte hartzea. Gauerdira bitartean leku guztiak betetzen ez badira, bihar, proba hasi aurretik, Andatzako plazan bertan egongo da izena emateko aukera. Banaka zein binaka parte hartzeko aukera egongo da. Banaka izena ematea 20 euro kostako da; binaka, berriz, bikoteko 30 euro.

15:30ean hasiko da duatloia. Andatzako plazatik abiatuko dira kirolariak, eta toki berean bukatuko dute proba. Hiru zati izango ditu: aurrenekoak, lau kilometro eta 250 metroko desnibel positiboa izango ditu, eta korrika egin behar dute; bigarrenak, bizikletaz egin beharrekoak, 20 kilometro eta 735 metroko desnibel positiboa izango ditu; eta azken zatia, bi kilometro 125 metroko desnibel positiboarekin, korrika egin beharko dute.

Banakako lasterketan, partaide bakarrak egin beharko du ibilbide osoa, eta binakakoan, batek korrikako bi zatiak egin beharko ditu, eta besteak, bizikletako tartea egin beharko du. 

Aiako Mendi Duatloia iaz antolatu zuten aurreneko aldiz, eta eguraldiak askorik lagundu ez zuen arren, ehundik gora lagunek parte hartu zuten proban. Banakako lehian 64 lagunek parte hartu zuten, 59 gizonek eta lau emakumek; eta beste 28 bikotek erreleboka egin zuten ibilbidea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!