Gaur iluntzean ekingo diete Aiako XXV. Kintopeko Idi Probei

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 28a, 15:00

Gaur, lehendabiziko jardunaldian, Iñaki Oliden oriotarraren, Artola oiartzuarraren eta Lopategi billelarraren idi pareen txanda izango da. 21:00etan hasiko dute lehia, Aiako probalekuan.

Hilaren bukaeran jokatuko dituzte Aiako XXV. Kintopeko Idi Probak. Urriaren 28an hasi eta Aiako probalekuan kintopeko idiak lehian ikusteko aukera izango da gaurtik astelehen iluntzera bitartean, Aiako XXV. Kintopeko Idi Probeak jokatuko baitituzte, lau jardunalditan banatuta. Saio guztiak 21:00etan hasiko dira eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da Aiakoa.

Gaur, Iñaki Oliden oriotarraren, Artola oiartzuarraren eta Lopategi billelarraren idi pareak aterako dira plazara. Bihar, larunbata, lau pare ariko dira buruz buru: Ezkioko Igeldorena, Zallako Zornotzako anaiena, Gatikako Tubillarena eta Aiako Maiarena. Igandean, urriaren 30ean, Orioko Ainhoa Gabirondoren, Errezilgo txokolateren eta Aiako Arzadunen pareak lehiatuko dira. Eta azken jardunaldian, astelehenean, Jatabeko Billabasoren, Hondarribiko Igone Pagadizabalen eta Errezilgo Belamendiren idiak.

Aiako probalekuko 1.800 kiloko harriari beste 200 kilo erantsiko dizkiote; beraz, idiek 2.000 kilo ibili beharko dituzte arrastan. 1.140 kilo baino gehiago pisatzen duten idi pareei, berriz, kopuru horretatik gorako kilo bakoitzeko 1,5 kiloko gainzama ezarriko diete. Idi pare bakoitza ekinaldiaren egunean pisatuko dute, 10:00etan.

Irabazleak 1.400 euro dirutan, mantak eta trofeoa jasoko ditu; bigarrenak, 1.200 euro eta trofeoa; hirugarrenak, 1.000 euro eta trofeoa; laugarrenak, 900 euro; bosgarrenak, 800 euro; eta seigarrenak, 700 euro; zazpigarrenak, 600 euro; zortzigarrenak, 550 euro; bederatzigarrenak, 500 euro; hamargarrenak, 450 euro; eta hamaikagarrenetik aurrera, 400 euro. Lehenengo aiarrak, berriz, 200 euroko saria izango du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!