"Pisu handiko harriak jasotzen direnean, gorputza muturrera eramaten da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 30a, 10:00
Imanol Royo 'Lartain' 2010 kiloko harriarekin. (Joseba Ostolazaren Harri Eskola)

Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kide Imanol Royo Lartain-ek (Zarautz, 2004) marka saiakera egingo du azaroaren 1ean, 12:00etan, Urnietan. Abenduaren 1ean 18 urte beteko ditu, eta hori baino lehen, 17 urterekin 210 kiloko harria jasotzen saiatuko da.

Nola sortu zen 210 kiloko harriarekin marka saiakera egiteko aukera?

Garai batean, hamasei urterekin 200 kiloko harria altxatzeko saiakera egin zuten zenbait harri-jasotzailek. Nik hamazazpi urte ditudanez, ezin dut marka hori berdindu, baina pentsatu genuen harri handixeagoarekin egitea marka saiakera. Hasieran, 206 kilokoarekin aritzea zen asmoa, baina, azkenean, 210ekoarekin egingo dugu. Ea jasotzen dudan plazan.

210 kilokoa ez da makala. Harri handiekin eroso sentitzen al zara?

Ni gustura jarduten naiz harri handiekin, eta nahiago ditut 140 kilotik gorako harrien bueltan antolatzen diren txapelketak. Tartean 200 kiloko harriren bat badago ere, ondo sentitzen naiz. Hala ere, marka saiakera egitea beste kontu bat da. Pisu handiko horiek altxatzen direnean, gorputza muturrera eramaten da. Altxaldi gutxi egiten dira, eta hutsegite txiki batek saiakera zapuztu dezake.

Pisu handiak gustuko izateko arrazoiren bat ba al duzu?

Ni duela urtebete hasi nintzen harri-jasotzen, eta aurretik judoa egiten nuen eta saskibaloian jokatzen nuen. Horrez gain, betidanik gustatu izan zait indarra lantzea eta nire burua gainditzea.

Denbora gutxi daramazu harri-jasotzen. Nolatan murgildu zinen mundu horretan?

Nire familia Jokin Eizmendi harri-jasotzailearen oso laguna da, eta beti ikusi izan dut Eizmendi harri-jasotzen. 2021eko udan Zarauzko Bi Harriak Txapelketa ikusten izan nintzen, eta probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Joseba Ostolazaren Harri Eskolan eman zidaten aukera, eta gustatu egin zitzaidan.

Urtebetean 210 kilokoa jasoko duzu. Bilakaera azkarra izan al duzu?

Bai, nahiko azkar joan naiz. Harri-jasotzen hasi eta zazpi hilabetetara, 185 kilokoa jaso nuen. Hori marka aparta izan zen, oso denbora gutxi neramalako. Probatzera etorri nintzen lehen egunean ere ehun kilokoa jaso nuen, eta harrituta geratu ziren bertan zirenak, esan zidaten ez duela edozeinek altxatzen ehun kilokoa harria lehen egunean.

Zer sentitu zenuen harria lehen aldiz jaso zenuenean?

Nire kirola aurkitu nuela pentsatu nuen. Lehen esan bezala, niri beti gustatu zait pisua altxatzea eta nire burua gainditzea, baina ez nintzen ikusten halterofilian edo powerlifting-ean konpetitzen. Harria probatu nuenean, ordea, indarra eta erresistentzia uztartzen zituela eta gorputza muturrera eramaten zuela sentitu nuen, ni bila nenbilen hori, hain zuzen ere. Niretzat ikaragarria da harria jasotzen sentitzen dena. Gertatu izan zait saio gogor baten biharamunean, ia mugitzeko gai ez izatea, gorputzari energia guztia gastatu diodalako aurreko egunean. Baina horrek ez du esan nahi indarra bakarrik lantzen denik, teknikoki ere asko eskatzen duen kirola da.

Zer moduzkoa izan da marka saiakera egiteko prestaketa?

Gogorra. Marka saiakera bat egin nahi denean, entrenamenduak motzak izaten dira, jasoaldi gutxi egiten direlako. Gertatzen dena da, altxaldiren batean huts egiten denean, gainontzeko altxaldiak ere behar den bezala ez egiteko arrisku handia dagoela. Eta entrenamenduan huts egiten denean, zalantzak sortzen dira eta urduri joaten gara plazara. Horregatik, prestaketaren zati bat norberaren buruan konfiantza izatean datza. Buruari esan behar diot jaso dezakedala, eta aurrera egin.

Nola kudeatzen duzu plazara ateratakoan sentitzen den urduritasuna?

Niri normalean plazara atera aurreko urduritasuna kontrolatzea ez zait kostatzen. Lau urte nituenetik egin dut judoa eta judoko txapelketetan sentitzen den eta plazara ateratzean sentitzen dena oso antzekoa da, zu bakarrik zaudelako. Dena dela, marka saiakera desberdina dela esango nuke, errekorretan kale edo bale izaten delako. Niri oraindik kosta egiten zait marka saiakerako urduritasuna kudeatzea. Normalean, bi jasoaldiko saiakera egiten da, eta lehenengo altxaldia egin arte, presio handia sentitzen da, ez delako huts egin eta aurreko hilabeteetako lana alperrik galdu nahi. Niretzat oraindik zaila da hori kudeatzea, baina denborarekin ikasiko dudala uste dut. Dena dela, gogotsu eta indarrez gainezka noa Urnietara, 210 kilokoa jasotzeko prest. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!