Josu Urrestarazu eta Enara Oronoz izan dira Aiako II. Mendi Duatloiko garaileak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urr. 30a, 09:00

Bakarkako probako bi irabazleak faboritoak ziren eta lasterketa osoa eman dute buruan. Errelebo proban, berriz, oriotarrak garaile, Ibai Makazaga Aristik eta Eneko Gonzalezek osatu duten bikotea nagusitu baita.

Josu Urrestarazu idiazabaldarrak nagusitasunez irabazi du Aiako II. Mendi Duatloia gizonezkoetan. Zirkuituko proba guztietan erakutsi duen mailari eutsi dio eta marka berria ere ezarri du Aiako lasterketan (01:35:49). Bigarren, iazko irabazlea helmugaratu da: Eneko Gurrutxaga. Ia Lau minutu gehiago behar izan ditu proba amaitzeko (01:39:18). Edonola ere, oso lehiatua izan da zilarra, zeren eta zortzi segundo baino ez dizkio atera Gurrutxagak hirugarren sailkatu den Javier Fernandezi (01:39:26).

Emakumezkoetan ere erakustaldia eman du Enara Oronozek. Korrika egin beharreko sei kilometroak eta bizikletan egin beharreko hogeiak amaitu dituenean erlojua bi ordura iritsi gabe zegoen (01.59:04). Nekane Pradera izan da helmugara bigarrena iristen zortzi minutu beranduago (02:08:50), eta podiuma osatzeko Ainara Pequeño iritsi da hirugarren (02:12:54).

Erreleboka aritu direnen artean, oriotarrak nagusi, Ibai Makazaga Aristi eta Eneko Gonzalez izan baitira azkarrenak (01:36:21). Hori bai, aurkariei atera dieten aldea bakarkako probetakoa baino txikiagoa izan da, eta aiarrak izan dituzte segika: minutu eta erdi Mikel Usandizagak eta Haritz Erasunek osatu duten bigarren bikoteari (01:37:58) eta sei minutu pasatxo Xabat Alonsok eta Aitor Agirrek osatutako hirugarrenari (01:42:34).

Etxekoei dagokienez, Gaizka Iruretagoiena (01:50:02) eta Ainhoa Usandizaga (02:22:20) izan diren aiarrik onenak. Bakarka aritu ziren biak sailkapen orokorrean bederatzigarren gizonezkoa izan zen Iruretagoiena eta laugarren emakumezkoa Usandizaga.

Esan beharra dago, Aiako Mendi Duatloiaren iazko lehen edizioaren aldean, aurtengoan lokatzik ez dela izan, lehorra zegoen soroa. Dena den, beroa eta haizea ere ez dira izan kirolerako baldintza egokienak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!