Misterioz jositako Gau Beltza izan dute Aian

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 1a, 10:54

Tikiti doinuek alaitutako kalejira batekin eman diote hasiera egitarauari, baina dena ilunduz joan da, eta frontoiko ekitaldia lanpara gutxi batzuek besterik ez dute argiztatu. Ondoren, bertan egin dute mokadutxoa, eta afalostean, sorpresa atsegina izan dute gaztetxoek.

Ume zein guraso, 18:00etarako jendetza zegoen Aiako plazan. Arropa zaharrak soinean eta izara zuria burutik behera zutela batzuk, mozorro modernoxeagoekin besteak. Trikiti eta pandero doinuek eman zioten hasiera Gau Beltzeko ospakizunei.

Herrian barrena kalejira luzea egin zuten aurrena. Frontoira iritsi zirenerako ilunduta zegoen zerua, eta frontoiko argiak itzali zituztenean, erabateko zen ilunpea, baina halaxe egin zuten ekitaldia, soilik dozena bat lanpararen eta suaren argipean. Txalaparta soinua entzun zen aurrena, dantzariek ere egin zuten saioa, eta ekitaldiari bukaera herritarrik ausartenek eman zioten, ilupetan dantzan. Jarraian, argiak piztu eta bertan egin zuten mokadutxoa.

Baina ez ziren horrekin bukatu ospakizunak. Guraso elkarteak sorpresa agindu zuen, eta agindutakoa bete zuen, nola bete ere. Frontoiaren atzealdean dagoen eraikinean ihes-gela bat prestatu zuen gaztetxoentzat, eta handik atera ezinik pasatu zituzten oheratu aurreko orduak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!