Ekitaldiz betetako Gabonak izango dituzte Aian

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 12a, 16:45

Ostiral arratsaldean ekingo diote egitarauari, herriko plazan jarriko duten zuhaitzaren apainketarekin. 16:30ean jarri dute hitzordua. 

Gabonak ate joka dira, eta Aian egitarau bete-betea prestatu dute datozen asteetarako. Ostiralean hasi eta urtarrilaren 8ra bitartean, aspertzeko betarik ez dute ez umeek eta ez helduek.

Egitaraua:

  • Abenduak 16, ostirala. Zuhaitzaren apainketa, 16:30ean, herriko plazan. EITB maratoirako bideo grabaketa, 18:30ean, herriko plazan.
  • Abenduak 22, osteguna. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Ongi etorria Etxetxon, 18:30ean, eta ondoren, plazan.
  • Abenduak 23, ostirala. Afari-merienda, 19:30ean, eta Futbolistok bakarrizketa, 21:00etan. Biak probalekuan izango dira. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Sarrerak Interneteko musikaze.com atarian eta Aiako Kultur Etxean eros daitezke, hamabi euroren truke.
  • Abenduak 24, larunbata. Gabon eskea. 09:00etan, plazatik abiatuta, baserriz baserri; eta 17:00etan, plazatik abiatuta, herrian barrena.
  • Abenduak 26, astelehena. Haur eta nerabeen olinpiadak eta txokolatada, 16:30ean, herriko plazan.
  • Abenduak 28, asteazkena. Skapaie elektrotxaranga, 19:00etan, plazatik abiatuta. Inuzente Afaria, 21:00etan hasita, probalekuan. Ondoren, DJ Ibon. Afarirako txartelak Iturriozena tabernan daude eskuragai, 25 euroren truke. Abenduaren 18a da izena emateko azken eguna. Aiako Gazte Asanbladak antolatu du.
  • Abenduak 30, ostirala. San Silbestre lasterketa, herriko plazatik abiatuta. 16:30ean zabalduko dute izen-ematea eta 17:00etan hasiko da lasterketa.
  • Urtarrilak 3, asteartea. Ekain pailazoaren Aho bete hortz ikuskizuna, 12:00etan, probalekuan. Ondoren, Erregeen postariak gutunak jasoko ditu. Arratsaldean, berriz, Erregeen etorrera, 19:00etan, herriko plazan.
  • Urtarrilak 7, larunbata. II. Pala Txapelketa Mistoaren finalak, 18:00etan, frontoian.